Lau debagoiendarren aurka '18/98 auziko' epaiketa hasi dute Madrilen

Iñigo Iruin abokatuak epaiketa bertan behera uzteko eskaera egin dio epaileari. Iruinen esanetan, epaiketan lege hauste eta akatsak daude.

Goizeko hamarrak pasatxo hasi da Madrileko Casa de Campon, 18/98 auziko epaiketa. Guztira 991 urteko espetxe zigor eskaera egin du Fiskaltzak. Eskaerarik txikiena 10 urtekoa da; handiena, berriz, 51 urtekoa. Bost atal ditu sumarioak: enpresen kontrakoa, Orain Egin egunkariaren argitaldiaren aurkakoa, eta Xaki, Ekin, Joxemi Zumalabe erakundeen kontrakoak.

Lau debagoiendar inplikatuta

Lau dira makrosumarioan inplikatuta dauden debagoiendarrak:

Jose Luis Elkoro: Elgetan jaioa. Orain kasuagatik auziperatua. 48 urteko gartzela zigorra eskatu du fiskalak.

Xabier Arregi: Bergararra. Ekin kasuagatik auziperatua. 12 urteko gartzela zigorra eskatu du fiskalak.

Iñigo Elkoro: Bergararra. Xaki kasuagatik auziperatua. 12 urteko gartzela zigorra eskatu du fiskalak.

Natale Landa: Arrasatearra. Ekin kasuagatik auziperatua. 12 urteko gartzela zigorra eskatu du fiskalak.

Guztira, 59 euskal herritar epaituko dituzte

Zenbait enpresa, komunikabide eta elkartetako kide izateagatik ETArekin zerikusia dutela leporatzen zaie inputatuei. Hamarrak hogei gutxi aldera iritsi dira Casa de Campora, autobusez, eta barrura sartzeko zain dira. Euskal gizarteko sektore zabalek epaiketa hori bertan behera uzteko eskatu dute. Baltasar Garzon epaileak bultzatuta abiatu zen 18/98 auzia, ezker abertzalearen ideiekin bat egiten duten jende eta elkarteen sare zabala ETA dela abiapuntu hartuta.

Babes handia

Besteak beste, Madrilen dira Joseba Permach Batasuneko mahaikidea, Alberto Unamunzaga EAko Harreman Instituzionaletarako arduraduna, Xabier Sarasua Aralarreko buruzagitzakoa, Joxe Iriarte Bikila Zutik-ekoa, Maixux Rekalde Elkarri-ko kidea, Eustakio Uranga ELAkoa, Txutxi Ariznabarreta LABekoa, Josu Egireun ESK-koa, Maite Aristegi EHNEkoa, Josu Juaristi Gara -ko zuzendaria eta Mertxe Aizpurua zuzendari ohia, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria eta Oreka TX taldeko kideak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.