Eusko Jaurlaritzak ikasle ezinduei Unibertsitaterako garraioa ordaintzeko diru-laguntza onartu du

Nerea Zubiete 2005ko aza. 16a, 18:25
Eusko Jaurlaritzak onartu du aurten ere diru-laguntzak ematea ohiko garraioak erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasle ezgaituei. Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak 100.000 euro bideratuko ditu laguntza horiek emateko. Eskatzaile bakoitzari gehienez 12.000 euro emango dizkio Jaurlaritzak.

Elbarrituta dauden edo ohiko garraiobideak erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasleak, Unibertsitatera joan nahi badute, adi egon beharko dira abenduan batez ere. Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak 100.000 euro bideratuko ditu laguntza horiek emateko. Eskatzaile bakoitzari gehienez 12.000 euro emango dizkio Jaurlaritzak, baina kasu gehienetan unibertsitaterako joan etorrien gastuen ehuneko ehuna ordainduko du.

Aurten diru gehiago

Aurten igo egin dute ikasle ezinduendako garraioa ordaintzeko aurrekontua. 100.000 euro dira aurten eta iaz 60.000 euro izan ziren. Iaz 28 lagunek izan zituzten garraioa ordaintzeko laguntzak. Gutxien jaso zuenak 39 euro hartu zituen eta gehien jaso zuenak 7.350 euro hartu zituen.

Ikasle ezinduek baldintza batzuk bete behar dituzte laguntzak hartzeko: %30eko ezgaitasuna edo handiagoa izatea, garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunak izatea eta ikasturte honetan goi-mailako lehenengo eta bigarren zikloko edota graduondoko ikasketak egiten ibiltzea Euskal Autonomia Erkidegoko edozein unibertsitatetan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du diru-laguntzok arautzeko agindua. Hori abenduan egingo dutela uste dute. Ba agindua argitaratzen den egunetik aurrera, hilabete izango dute interesatuek diru-laguntza eskatzeko. Beraz, Unibertsitaterako garraioa ordaintzeko diru-laguntzak behar dituzten ezinduak adi egon, abenduan zabalduko da-eta eskaerak egiteko epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak