RIPen DVDa aurkeztu dute Bilboko Kafe Antzokian

Maider Arregi 2005ko aza. 3a, 17:00
Prentsaurrekoan izan dira, besteak beste, Txerra eta Jul RIPeko kideak, Iker Barandiaran kazetaria eta Xarra, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kidea. DVDaren atal ezberdinak aurkeztu dituzte: inoiz argitaratu gabeko abestiez osatutako CDa, argazki galeria eta kontzertuak, besteak beste.

RIP, Punkaren 25 urteko historia bizia DVD-aren aurkezpenean, kontzertuak, argazki galeriak edota estrak azaldu dituzte. Prentsaurrekoari Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Xarrak eman dio hasiera. Ondoren, Iker Barandiaran kazetariak DVD honen nondik norakoak azaldu ditu.

DVDaren proiektua

2003an, Goiena -ko Iban Toledok eta Iker Barandiaranek erabaki zuten taldearen gaineko dokumentala egitea Goiena Telebistarako. Elkarrizketak egiten eta materiala batzen hasi bezain laster, konturatu ziren gauza osatuago bat egin zitekeela. Goienak eta Gaztelupeko Hotsak-ek DVD bat kaleratzea erabaki zuten, RIPekoekin elkarlanean. Are gehiago, taldea sortu zutenetik 25 urte bete dira 2005ean.

Goienkaria-n elkarrizketa

Goienkaria-k Txerra eta Jul Bolinagaren lehen inpresioak jaso ditu. Txerrak dio, "Izugarri gustatu zait. RIP izan dena, 80ko hamarkada eta orduko eztanda zelakoak izan ziren ondo erakusten du". Julek ere adierazi du, "momentu hura bizi izan zuen jende asko agertzen da, eta hori oso garrantzitsua da."

Elkarrizketa oso osorik irakurtzeko aukera bihar, ostirala, izango duzue.

Taldearen biografia laburra

RIP 1980. urtean sortu zuten Arrasaten Portu Mancebo (baxua), Jul Bolinaga (gitarra), Txerra Bolinaga (bateria) eta Mallabik (ahotsa). Sasoi hartan Doble Zero izena zeukan, baina denbora gutxira izena aldatu zioten, eta Mallabiren ordez Karlos Mahoma hasi zen abesten.

1989an jotzeari utzi zioten, baina ordurako beraien kantuak belaunaldi baten soinu banda ziren, eta atzetik etorri direnek talde garrantzitsuenen artean dituzte. Horregatik, taula gainera bueltatu ziren guztietan izugarrizko arrakasta izan zuten: Arrasate Press aldizkariaren alde (1991), Hiesaren aurka Gasteizen (1994an, Hiesari aurre eginez grabatu zutenean)...

1987an Portu hil egin zen. Bere anai Xabik ordezkatuta, kontzertu gutxi batzuk egin zituzten: Jarrairen XX. urteurrenean, Anoetako belodromoa goraino beteta... Baina, 2003an, Karlos Mahoma hil zenean, taldea bukatutzat eman zuten.

RIPek zeresan handia (izan) duen arren, ez du ia lanik kaleratu, eta beraien gaineko material ugari batu da, erdi galduta zegoena: bideoak, abestiak, argazkiak... Horrekin guztiarekin taldearen errepaso historikoa egitea lortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak