Behobia-Donostia lasterketako dortsal guztiak banatuta

Bi aste baino gehiago geratzen dira Behobia-Donostia lasterketarako (azaroak 13), baina dagoeneko banatu dituzte dortsalak. Ibarrean, Arrasateko Sportland eta Bergarako Lazkano dendek izan dute izenak hartzeko ardura. Joan den astean amaitu zuten lan hori. Hala ere, Itxaronzerrenda jarri dute, azkeneko momentuan dortsalak soberan badaude.

Sportlanden 263 dortsal banatu dituzte, eta Lazkanon ere 200 dortsaletik gora. Bi denda horietan gauza bera esan digute, aurreko urteetan baino mugimendu handiagoa izan dela. Arrasaten, gainera, hainbat bitxikeria izan dituzte: "Oñatitik jende asko etorri da, eta ikustekoa da San Lorentzo auzotik zenbat jende joango den probara. Auzo hori hutsik geratuko da azaroaren 13an. Horrekin batera, Garagartzatik ere gazte koadrila osoa joango da lasterketara".

Horrekin batera, baina, Asturias aldetik etorritako korrikalariak izan dituzte, baita atzerritarrak ere. Lazkanon esan digute estatuko hainbat lekutako jendearen izena hartu dutela: "Jende asko dago hemen Madrilgo edo Valentziako korrikalarien lagun direnak, eta eurek hartzen dizkiete dortsalak".

Aukeraren bat...

Fortuna Kirol Elkartekoek gaur jaso behar zituzten denda guztietan hartutako izenemateak, eta horren arabera, baliteke oraindik ere dortsal batzuk banatzeko izatea. Horretarako, dorsal2005@cdfortuna.com helbidera idatzi. Antolatzaileek dagoeneko itxaronzerrenda bat osatu dute, eta soberan dauden dortsal horiek zerrenda hori errespetatuta banatuko dituzte.

Txip berria estreinatuko dute

Antolatzaileek urtero izaten dituzte buruhausteak txiparekin. Urte batzuetan gehiago, eta beste batzuetan gutxiago, baina txipa beti da albiste. Oraingo txip berria berezia izango da, erabili eta botatzekoa izango delako, ez da entregatu behar izango. Baina jakin, helmugan Ayuda en Accion elkarteko boluntarioak ibiliko direla txipak jasotzen. Txip bakoitzeko 0,80 euro emango diete, eta diru hori Ekuadorren egiten dabiltzan hainbat proiektu bultzatzeko erabiliko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.