Arrasateko ekitaldi jendetsuaren ostean, joan da Kaiera ibarretik

Usoa Agirre 2005ko urr. 28a, 12:40
Antzuola, Elgeta eta Bergaran izan zen eguaztenean Kaiera egitasmoa herritarren ekarpenak jasotzen. Atzo, berriz, Leintz Bailaran izan ziren eta Arrasaten jai giroko ekitaldi batekin amaitu zuten ibarrera egindako bisita.

Erraldoiak, konpartsak, bertsolariak... izan ziren Arrasateko ekitaldian. 18/98 sumarioak tristura dakar, baina Kaiera egitasmokoek irudimenez alaitasun pixka bat eman nahi izan zioten ekitaldiari, bakoitzak bere alea jarrita Kaiera sendo bat osatzeko.

Arrasaten izan zen ekitaldi nagusia, baina egun osoan zehar herritarrek beraien ekarpenak egiteko aukera izan zuten atzo Aretxabaletan, Eskoriatzan, Gatzagan eta Oñatin jarritako orrietan.

Maite Aristegi Arrasate Irratian

Maite Aristegi da egitasmoko arduradunetako bat eta Arrasate Irratian izan zen atzo goizean. Antzuola, Elgeta eta Bergaran oso harrera ona izan zutela azpimarratu zuen eta denetariko jendea bildu zela beren ekarpena egitera. Aristegiren esanetan, kezkatuta dago jendea 18/98 sumarioak ekar dezakeenarekin.

Proposamenak, denetarikoak

Maite Aristegik esan zuenez, "oso polita da. Oso ekimen herritarra da eta ekitaldiak xumeak eta herritarrak dira. Jendearen partehartzea modu askotakoa da. Hemen sinadura bakarrik baino zerbait gehiago eskatzen da eta jendeari pentsaraztea bultzatzen du."

"Jendeak era askotara adierazi du bere egonezina eta kezka: Marrazki bidez, musikarekin, kantuz, testu laburrekin ("titietaraino gaude", "zer gara gu eskubide gabe eta zer dira eskubideak gu gabe?" bezalako esaldiekin) eta beste batzuek etxean ondo prestatu eta testu luzeagoak ekarri dizkigute, justizia, bakea, askatasuna eta herri ekimenen inguruan. "

"Proposamen horiek guztiek erakusten dute Euskal Herrian dugun aniztasuna eta erasoei erantzuteko eta gauzak sortzeko dugun ahalmena. Honek guztiak esan nahi du irtengo garela honetatik eta bukaera on bat emango diogula auziari."

Kaiera defentsarako beste tresna bat izango da

Durangon amaituko da azaroaren 12an Kaiera egitasmoa, eskubide zibil eta politikoen aldeko egunarekin. Liburuarekin zer egingo duten ez dakite oraindik, baina pentsatzen dute epaiketan emango diotela lehenengo erabilera.

Maite Aristegiren esanetan, "aurre egin beharko diogu epaiketari. Sumario horiek artxibatzea nahiko genuke, baina ikusiko da. Ahalik eta defentsarik egokiena egin beharko da eta Kaiera beste tresna bat izango da defentsa horretarako."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak