Eskubide zibil eta politikoen gaineko atxikimenduak jasoko dira Kaieran

Eskubide zibil eta politikoen inguruko herritarren atxikimenduak jaso asmoz 18/98+ taldeak Kaiera egitasmoa ipini du abian. Hilabetez herriz herri ibiliko dute koaderno bat; Debagoienean eguaztenean eta egunean izango da.

Eskuz egindako liburu handi bat da Kaiera; azalean Xabier Idoate margolariaren artelana duena. 100 pertsona ezagunek euren ekarpenak egin ostean, Euskal Herriko herrietan barrena ibiliko da. Euren ekarpenak egin dituztenen artean bada debagoiendarrik: Jesus Mari Lazkano margolaria, Jabier Retegi Eusko Ikaskuntzako presidentea eta German Kortabarria ELAko komunikazio arduraduna esaterako.

Maite Aristegi 18/98+ taldeko kideak esan digunez, "Jendearen ekarpenekin babestu nahi dira lege antiterroristaren aitzakian bere eskubideak bortxatuak dituzten euskal herritarrak". Egitasmo irekia izango dela esan digu Aristegik. "Eskubide guztien aldeko eta pertsona guztien eskubideen aldeko ekimena da. Gainera, Kaieran ez dira sinadura soilak jasoko. Hitz, olerki, marrazki, haiku... edozerk balio du elkartasuna eta babesa adierazteko". Taldearen helburua da jendeak lantzea eta pentsatzea Kaiera horretan zer utziko duen.

Datorren astean ibarrean

Debagoienean urriaren 26an eta 27an egongo da Kaiera. Ekitaldi nagusiak Bergaran eta Arrasaten egingo dituzte hurrenez hurren, baina bi egun horietan barrena Kaiera ibarreko herri guztietara eramateko asmoa dute.

Ekitaldi nagusiak arratsaldeko 18:30ean egingo dira bi herrietan, plazan. Musika, dantza, bertso eta Kaierako testuen irakurketa egin bitartean jende ilaran jarriko da eta bere ekarpenak egingo ditu. Herri bakoitzean jende ezaguna gerturatuko da plazara baina edozein herritarrek du Kaira egitasmoan parte hartzeko aukera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.