Landa eremuko emakumeak omentzeko jaia egin zuten zapatuan

Zapatuan izan zen Landa Eremuko Nazioarteko Eguna eta jaia ospatzeko Gandiaga Topagunean elkartu ziren landa eremuko 300 emakumetik gora.

Mendikoi EAEko landa eremuen prestakuntza, sustapen eta garapen integraleko zentroak antolatu zuen Emakumeak Landa Eremuan jardunaldia. 300 emakume baino gehiago elkartu ziren Gandiaga Topagunean, hara deitu zituzten agintari eta adituen hitzaldiak entzuteko. Andoni Aizpuru izan zen zeremonia-maisua. Hasteko, hitzaldia euskaraz jarraitu nahi zuenak, "euskarazko itzulpen zerbitzua" bazegoela azaldu zuen eta nahi zuenak eskatzeko gogoratu zuen.

Osasun ikerketa

Iaz Gasteizen egin zuten jardunaldia eta bazegoen erakundeek orduan hartutako konpromiso batzuen gaineko ikusmina. Horiek azaltzeko ardura izan zuen Nekazaritza, Arrantza eta Abeltzaintza sailburu Gonzalo Saenz de Samaniegok. Hala ere, harridura gehien sortu zuen ponentzia Gabriel Maria Inclan Osasun Sailburuak aurkeztu zuen, Yolanda Perez Osasun alorreko ikerketa eta estatistika arduradunaren laguntzarekin. Landa ingurunean bizi diren emakumeen osasunaren gaineko ikerketaz aritu ziren. 2002an egin zuten ikerketa, zozketa bidez aukeratutako 5.200 familiatan, eta landa eremuko eta hirietako emakume eta gizonezkoen osasunaren gaineko datuak batzen ditu ikerketak. Bost urterik behin egiten dute. Emaitzarik aipagarriena, landa eremuko emakumeen gehiegizko pisuaren mantentzea izan zen. Jardunaldiarekin amaitzeko, mahai gainera igo ziren klown bikoteak ere euren saioarekin hasteko aitzakia legez erabili zuen kontu hori eta, bide batez, Inclan sailburuari koloreak gorritzeko: "Zera, jardunaldi batera zatoz, jai batera zatoz, eta gizena zaudela esaten dizute!". Barre algarak entzun ziren emakumeen artean.

Landa eremuaren osasuna

Landa eremuaren ikuspegi zabalagoa erakutsi zuen Lizarrako alkate Maria Jose Fernandezek. Ordubetez aritu zen landa eremuak jasan dituen eraldaketez eta landa eremuko emakumeen lana aldarrikatzen. Hor daudela erakutsi beharraz aritu zen, ezinbestekoa baita etorkizunerako.

Kanpaina aurkezpena

Mendikoik Emakumeak Landa Eremuan kanpaina aurkezteko aprobetxatu zuen jardunaldia. Horretarako Josune Bereziarturen laguntza izan zuten. Eskalatzaileak, urduri samar, bere eskuen eta baserriko emakumeen eskuen gogortasuna -eta babak- alderatu zituen. "Esku landu, zaildu eta gogortuak ditugu egiten dugun lanagatik. Emakume apalak zarete eta lanera ohituak eta urte askoan ez dizuete omenaldirik egin. Horregatik ohore handia da niretzat merezi duzuen omenaldian parte hartzea", esaten amaitu zuen eta landa eremuko emakumeei txalo egin zien.

Jardunaldiaren amaieran luntxa zuten zain.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.