'RIP, punkaren 25 urteko historia bizia’ dokumentala azaro hasieran jarriko da salgai

Maider Arregi 2005ko urr. 7a, 11:19
Bi urteko lanaren ondoren, RIP punk talde mitikoaren gaineko DVDa egin dute Goienako Iker Barandiaran eta Iban Toledo lankideek. Azaroko lehen astean DVDa aurkeztuko dute eta salgai jarriko da.

Aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian izango da azaroan. Jul eta Txerra arrasatearrak aurkezpenean izango dira DVDaren nondik norakoak azaltzeko. Gainera, RIP, punkaren 25 urteko historia bizia bildumak oparia ere badakar: RIP taldeak zuzenean jo, baina inoiz grabatu ez zituen hamalau kantaz osatutako bilduma jasotzen du.

Azaroko lehen astean, beraz, DVDa dendetan izango da eskuragarri 18 euroren truke. Goienako egoitzan eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen webgunean , berriz, 15 euroren truke eskuratu ahalko da.

Historia egin duen taldea

Euskal punk-aren aitzindaria izan da RIP taldea. 25 urte betetzen dira talde arrasatearra sortu zenetik –lehenengo Mallabi abeslariarekin eta gero Karlos Mahomaren ahotsarekin– Sasoi hura, orduko sentsazio eta bizipenak jasotzeko, gogoratzeko, asmoz, Goienako Iker Barandiaranek eta Iban Toledok DVDa egin dute. Goiena eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearendako egin duten lana.

Jul, Txerra, Portu eta Mahomak garbi zeukaten. 80ko hamarkadaren hasieran elkartu ziren lau arrasatearrak musika egin eta gizarteari barruan zutenaren berri esateko. Inolako gurari barik egin zuten, baina historia egin dutela azaldu digu Iker Barandiaranek. Hauxe kazetari arrasatearrari egindako elkarrizketa:

Zer dela eta, DVD hau egitearen ideia?

2003an, RIPeko abeslari zen Karlos Agirreurreta "Mahoma" hil zenean, GOITBko Iban Toledok eta biok erabaki genuen RIP taldearen gaineko erreportaje bat egitea Goiena Telebistarako. Karlos baino lehenago, Eduardo Mancebo "Portu" ere joan zitzaigun, eta gure ustetan taldeak merezi zuen omenaldi antzeko zerbait egitea, punka egiten aitzindariak izan zirelako eta utzi digutena oso garrantzitsua izan delako. RIP taldea gertutik ezagutu zuen musikari, kazetari eta bestelakoei elkarrizketak egiten eta grabatzen hasi ginen, eta baita ere RIP taldearen gaineko materiala batzen (audioa, bideo irudiak...). Lan hori egiten hasi eta gutxira konturatu ginen zerbait handiagoa edo osatuagoa egin zitekeela. Hala ere, hilabete batzuk horretan eman ondoren, lan hori geldi utzi genuen beste arrazoi batzuk zirela medio. Hala ere, 2005eko ekainean taldearen gaineko DVD txukun bat osatzeko lanari ekitea erabaki genuen. Ordurako, Goienak eta Gaztelupek lan hori kaleratzea adostu zuten, eta esan beharra dago beste diskoetxe batzuek ere interesa erakutsi zutela.

Lan hau RIPeko Jul eta Txerra Bolinagarekin elkarlanean egin dugu, eta bai beraiek eta bi egileok ere oso gustura geratu gara emaitzarekin.

Zein izan da elkarrizketa interesgarriena

Oso zaila da esatea zein den egin dugun elkarrizketa interesgarriena. Elkarrizketatu ditugun ia 30 lagunen adierazpenekin ia ordu bateko erreportajea egin dugu, eta guztien artean RIPen historia kontatzen dute. Esaten dituzten gauza asko dira interesgarriak eta gainera 80ko hamarkada hasierako urte bizi-bizi haiek zelakoak izan ziren ulertzen erakusten digute. Hala ere, zerbait nabarmentzekotan, bitxia da Mac-ek, Puñetazo taldeko Porruk, Jabi Destruyek edota RIPeko Julek eta sasoiko lagunek kontatzen dituzten pasadizo sortak, asko zur eta lur utziko dituzte, eta baita barre algara handiak sortu ere.

Zein elkarrizketatu kostatu zaizue gehien?

Elkarrizketa egiteko proposamena egin genienetatik bi bakarrik gelditu dira kanpo. Bat, denbora faltagatik, eta bestea, elkarrizketak gustuko ez dituela dioelako. Bestela, guztiek baiezkoa berehala eman digute RIPen gainekoa zela azaltzerakoan, eta erraztasun handiak eman dizkigute. Harrituta gelditu gara zer nolako estima dien jende askok RIPeri eta taldea osatu zuten lagunei. Arrazoi beragatik, hainbat lagunek bideo irudiak, audio grabazioak eta bestelakoak musutruk utzi dizkigute RIPen gaineko lana delako.

Norbait falta da DVD hau guztiz osatua izan dadin?

Falta, falta, beti falta daiteke norbait, baina ez dut uste hutsune handirik dagoenik. Bueno, edo agian bai, Karlos eta Portu bera. Bien adierazpen batzuk jasota daude DVDan, baina polita litzateke dokumentu guzti hau beraiekin batera ere egitea.

Horrez gain, Natxo Cicatrizen berba batzuk ere jasota ditugu, eta berak ere kontatzeko gauza interesgarri asko izango zituen.

Lan handia izan da?

Bai, lan handia izan da eta ordu ugari sartu ditugu guztia egin ahal izateko, baina plazerra ere izan da. Asko motibatu gaituen lan bat izan da, Iban Toledok eta biok RIP oso gustuko dugulako eta taldearen izena dagokion lekuan jartzeko saiakera egin dugulako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak