Gari Kortazar, Zuzen mugimenduko kidea: "Baikor gaude, baina Frantziako justiziarengan mesfidantza dugu"

Asier Alkorta 2005ko ira. 20a, 13:25
Hilaren 27an, Demo eta Zuzen mugimenduetako hamabost kide epaituko dituzte Versallesko auzitegian, presoak Euskal Herriratu ditzaten eskatzeko 2003an egindako ekintza batengatik. Tartean daude Gari Kortazar eskoriatzarra eta beste arrasatear bat. Hamazortzi hilabeteko espetxe-zigorra eta 15.000 euroko isuna ezar diezaiokete bakoitzari. Gaur egingo dute Donostian epaiketaren berri emateko prentsaurrekoa eta Arrasate Irratian egon da goizean Gari. Berak esandako batzuk ekarri ditugu hona.

Gertakariak

Gertakariak

Euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzeko eta haien eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzeko, 2003ko abenduaren 19an Demo eta Zuzen mugimenduetako hamasei kidek Poissyko espetxean ekintza bat egin zuten. Guztiak atxilotu zituzten eta, bi egun polizia-etxean inkomunikaturik egon ostean, aske utzi zituzten epaitegiaren kontrolpean. Orain, Versallesko auzitegiak haietako hamabost epaituko ditu hilaren 27an. Bestea, Patxi Bidart, adingabea izateagatik, joan den ekainean epaitu zuten. Hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra ezarri zioten.

Gabon giroko ekintza izan zen

Zuzen mugimenduko kidea da Gari Kortazar eta Poissyko ekintza honen aurretik beste ekintza asko egin dituzte, beti ere era baketsuan eta ahoan irribarrearekin. "Presondegiko hormara igo ginen musika tresna batzuk hartuta. Olentzero eta Aita Noel ere gurekin etorri ziren. Euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eskatzeko pankarta batzuk jarri genituen zintzilik eta ordu t'erdi egin genituen han, Gabon giroan.

Ekintza baketsuak

"Zuzen taldekook autodeterminazio eskubidea eta euskara normalkuntzaren aldeko ekintza baketsuak egiten ditugu. Demoek gurekin batera presoen Euskal Herriratzea eskatu eta euskararen aldeko aldarrikapenez gain, euskal departamenduaren alde ere egiten dute. "

Frantziako justiziarengan mesfidantza

"Baikor egoteko arrazoiak eta ezkor egoteko arrazoia ditugu. Horrelako ekintza bat epaitzen den lehenengo aldia da eta ez dakigu Frantziako justiziak zelako jarrera izango duen. Ez dakigu zigor eredugarria jartzera joango diren edo benetan gure esanak entzungo dituzten. Hori espero dugu baina hala ere mesfidantza pixka bat badugu. "

Kultura munduko jendearen atxikimendua

Kultura munduko hainbat pertsonaren eta alderdi politikoen atxikimenduak jasotzen ari dira egunotan. Adibidez, Mariano Ferrer kazetariak, Kuraia eta Gatillazo musika taldekoek eta Eva Forest eta Alfonso Sastre idazleek euren atxikimendua azaldu die.

Epaiketaren egunerako atxikimendua jaso duten pertsona eta elkarteen zerrenda osoa aterako dute.

Paradoxa

Gari Kortazarrek azpimarratu nahi izan du nahiko paradoxikoa dela beraiek epaitzeko lege berria egin izana orain. "Lehen ere antzerako beste hainbat ekintza egin ditugu, baina oraingoan 2003an diseinatutako lege berri batekin epaituak izango gara. Paradoxikoa da lege berri bat egitea justu Frantziako espetxe legea betearazteko eskatu genuenean. Orain, gu epaitzeko egin dute lege berri hori."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak