Autobus zerbitzu bereziak prest Autorik Gabeko Egunerako

A.G. 2005ko ira. 19a, 10:58
Debagoienean Arrasate, Antzuola eta Oñatiko Udalek egin dute bat Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin aurten.

Irailaren 16an hasi eta 22ra bitartean hainbat sentsibilizazio ekimen bultzatzen ari dira Arrasate, Antzuola eta Oñatiko Udalak.

Europako Mugikortasun Iraunkorraren astean murgilduta gaude eta sentsibilizazioa da lehen helburua.

Ikastaroa, txangoa eta beste

Arrasaten gidaritza eraginkorra bultzatzeko lau orduko ikastaroa egin zuten zapatu goizean. Erregaiaren kontsumoa nola jaitsi ikasi zuten RACEko irakasleen eskutik 20 parte-hartzaileek, tartean Ignacio Lakunza alkateak. Ikastaro hau Arrasaten eskaintzen den lehen aldia denez Udalak taxi zein autobus gidariei, garraiolariei eta autoeskoletako irakasleei zabaldu dizkiete eskola hauek.

Teknika eraginkor hauek herritar guztiengana iristeko, ordea, Arrasateko Udalak informazio liburuxkak banatu ditu gidarien artean. Bertan, erregai kontsumoa gutxitzeko teknikak azaltzen dira era labur eta argian. Hiri barruan gidatzeak igotzen du nabarmen erregai kontsumoa. Hori horrela izanik, egunotan, doako autobus zerbitzua dago Arrasaten. Etxez etxe banatutako bonoak erakutsi beharko dira irailaren 21era bitarte hiribusean doan bidaiatzeko. Biharamunean, Autorik Gabeko Egunean, hiribusa guztiz doan izango da Arrasaten.

Oñatira ere iritsi da sentsibilizazio kanpaina. Egubakoitz arratsaldean txangoa egin zuten bizikletan 250 lagunek bide gorrian barrena. Herriko plazatik abiatu eta Institutuan amaitu zuten ekitaldia kamiseta, txokolatina eta ur banaketarekin.

Eguenean autobusez

Hilaren 22an izango da Autorik Gabeko Eguna. Hori dela eta, autobus zerbitzu bereziak egongo dira egun horretan ibarrean.

Arrasatetik doako autobus zerbitzua antolatuko dute Miñaoko parke teknologikora jendea eramateko. Maxi Eroskitik irtengo da autobusa 7:00etan eta 7:30ean eta geldiuneak egingo ditu Musakolan, erdigunean eta San Andres auzoan. Itzulerarako 15:00etan, 16:30ean eta 18:00etan irtengo dira autobusak Minanotik.

Bergara eta Antzuola arteko autobus zerbitzuak, bestalde, maiztasun handiagoa eta ordutegi zabalagoa izango du. 05:30ean abiatuko da lehen autobusa Bergaratik eta 06:10ean, berriz, Antzuolatik. Gaueko 22:10ak arte luzatuko da zerbitzua eta geltoki bereziak egingo dira Matz-Erreka, Elay eta Goizper lantegietan. Beste berezitasunik ere izango du Autorik Gabeko Egunak. Antzuolan oinezkoendako jarriko da erdigunea, Kalebarrena, Herriko plaza eta Buztinzuri, hain zuzen ere. Arrasaten, berriz, irisgarritasuna lantzeko jarduerak eta oztopo ibilbidea jarriko dira Garibai etorbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak