Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak ISO 9001 ziurtagiria jaso du

Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak ISO 9001 ziurtagiria jaso du, AENOR Euskadiko Zuzendari Luz Enparanzaren eskutik. ISO 9001 deiturikoa kalitatezko kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria da.

Pozik agertu dira Arizmendi Ikastolako eta, konkretuki, Lanbide Heziketako arduradunak gaur: AENOR Euskadiko zuzendari Luz Enparanza izan da eurenean, kalitatezko kudeaketa egiaztatzen duen ISO 9001 ziurtagiria ematera joanda. Ziurtagiri hau lortzeak kalitatearen bidean aurrerapauso bat ematea suposatzen duela azaldu du Lanbide Heziketako Kudeatzaile Edurne Erauskinek; egiteko moduak aztertzeko, hainbat erabaki berriz ere mahai gainean jartzeko edota bezeroarengan pentsatzeko bidea eman ei die.

AENOR Euskadiko zuzendariak, bere aldetik, ziurtagiria lortzeko ahaleginean Arizmendi Ikastolako irakasleek erakutsitako konpromisoa azpimarratu nahi izan du.

Lanbide Heziketako ikastolarik beteranoena

Lanbide Heziketa San Viatorren eta Almenen zegoen garai batean, gaur, ordea, unitate bakarra osatzen dute eta Arrasaten dago kokatua. Erizaintza, eraikuntza, kimika, kirol eta gizarte zerbitzuen alorreko formazioa eskaintzen dute bertan, teoria eta praktika uztartuz, eta enpresekiko harremanek duten garrantzia ahaztu gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoan 40 inguru dira Lanbide Heziketa eskaintzen duten eta ISO 9001 ziurtagiria lortu duten zentroak. Zerrenda horri Arizmendi Ikastola gehitu zaio orain, Lanbide Heziketako ikastolarik beteranoena. Txaro Iraetak, Arizmendi Ikastolako kudeatzaile Orokorrak, beste unitate batzutan ziurtagiri hau lortzeko ibilbideari ekiteko asmoa agertu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.