Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak jakinarazi duenez mantenu lanak egingo dituzte Debagoieneko hiru errepide zatitan. Lanok GI-2620 (Legutio-Arrasate, Aramaiotik), GI-2630 (Urretxu-Bergara, Legazpitik) eta GI-2639 (Kanpanzar-Eibar, Elgetatik) bide zatietan egingo dira. Aldundiak adierazi du hiru hilabeteko epean gauzatuko direla.
Bide markak berritu
Seinale horizontalak zein bide-markak berrituko dira 43,1 kilometroko luzera duten hiru errepide zatiotan. Lanok bide-markak ezabatuta daudelako eta zirkulazioaren, eguraldiaren eta errepideko zorua sendotzeko lanen eraginez bertako seinaleen adierapen gaitasuna ere galduta dagoelako egingo dituzte. Proiektuak Gipuzkoa osoko beste 18 errepide zati ere hartzen ditu. Egitasmoak, guztira, lehentasuneko sareko, oinarrizko sareko eta eskualdearteko sareko 295,3 kilometrotan izango du eragina. Aurrekontua 722.000 euro da.
Eragozpenak saihesteko
Marka zaharrak kentzea izango da lehen pausoa. Horretarako, errepideko norabide bat itxi beharko dute, baino gauez egingo dira lanok. Ondotik, margotze lanen txanda etorriko da.
Zirkulazioa ez oztopatzeko pintura termoplastiko beroa erabiliko dute. Gehiago irauten du eta bidea pintatu bezain laster ireki daiteke. Pintura termoplastikoak margotzerakoan duen tenperatura altuaren ondorioz pintatutako bidea segundo gutxiren buruan ireki daiteke eta ez dira ohiko 20 minutu itxaron beharko pintura lehortu arte.