"Udal Euskaltegira goaz. Bazatoz gurekin?". Horixe da ikasturte berriari begira Udal Euskaltegiek abian jarritako publizitate kanpainaren leloa. Mezu zuzena da, eta ikasleak eurak dira protagonista; beraien esperientzietatik gonbidatzen dituzte besteak Udal euskaltegietan izena ematera.
Mezua zabaltzeko helburuarekin, euskarri ezberdinak erabiliki dituzte: hala nola, kartelak, esku-orriak, internet, prentsa eta irratia.
2004-2005 ikasturteko datuak
Kanpainaren aurkezpen ekitaldian, bide batez, pasa den ikasturteko datuak ezagutarazi dituzte. 2004-2005 ikasturtean, Arrasateko, Bergarako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udal Euskaltegietan ia 700 ikasle matrikulatu ziren. %64 emakumeak ziren eta %36 gizonezkoak. Horietatik %7,6 langabeak eta % 5,7 etorkinak. Bataz besteko adina, 38 urte.
Matrikula epea, zabalik
Matrikula epea zabalik dago ibarreko udal euskaltegietan, eta hilaren erdialdera arte luzatuko da. Xehetasunak www.udaleuskaltegiak.net -en eskura daitezke. Webgune honen bitartez gainera urteko matrikula baten zozketa egingo da irailean, Gipuzkoan matrikulatutako ikasleen artean.