Garbiguneen kanpoaldean zaborra pilatzea salatu dute

A.G. 2005eko irailaren 5a

Mankomunitateak salatu duenez jendeak ez du Garbigunearen ordutegia errespetatzen eta abuztuan hondakinak kanpoan batu dira.

Garbiguneetako kanpoaldeak hondakinez beteta egon dira abuztuan. Horrela salatu du Debagoieneko Mankomunitateak eta antza denez ez da hori gertatzen den lehenengo aldia.

Abuztuan garbiguneek ohiko ordutegia aldatzen dute eta "horren berri kartelen bidez eta Mankomunitatearen webgunean ematen da", azaldu dute Mankomunitatetik. Hala ere, "jendeak ez du ordutegia errespetatzen eta ohiko legez bertara joan eta itxita topatuz gero, hondakinak Garbigunearen kanpoaldean lagatzen dituzte hondakin mordoa pilatzeraino". Mankomunitatetik salatu dutenez, "Garbigunearen atean bertan jartzen du Garbigunetik kanpo ez uzteko hondakinik eta nahikoa da pertsona batek zaborra kanpoan uztea atzetik datozenek ere hori egiteko. Horregatik, ordutegiak errespetatzea eskatzen diegu herritarrei".

Ohiko ordutegia

Abuztua pasatuta Debagoieneko Garbiguneek ohiko ordutegia errekuperatu dute. Hortaz, eta urte amaiera arte, Arrasateko Ibarreta garbiguneak, Bergarako San Kristobalgoak eta Oñatiko Urrutxukoak astelehenetik egubakoitzera goizez 9etatik 12:30era egongo dira zabalik eta arratsaldez, 4etatik 7etara.

Zapatuetan aldatu egiten da ordutegia eta bakarrik goizez egongo dira zabalik hiru Garbiguneak: 09:00-13:30.

Debagoieneko Mankomunitatik adierazi dutenez, "hondakinak Garbiguneen kanpoan uzteak arazoak sortzen ditu bai zerbitzuan bai eta erabiltzaileengan ere. Hortaz, zerbitzuaren arau eta ordutegiak errespetatzea eskatzen dugu".

Telefonoak

Bestelako informaziorik behar izanez gero Garbiguneetako ondoko telefonoak erabili daitezke: Ibarreta (Arrasate) 943 77 11 43; San Kristobal (Bergara) 943 76 44 42; Urrutxu (Oñati) 943 78 36 67.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak