Pedro Andrinua eta Juan Zelaia omenduko dituzte Artzain Egunean

Irati Agirreazaldegi 2005ko ira. 1a, 18:20
Domekan Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin. Bertan, hainbat artzain omenduko dituzte; tartean bi debagoiendar: Juan Zelaia eta Pedro Andrinua. Artzain txakur txapelketan ere izango da ibarreko ordezkaririk.

Gipuzkoako artzainei eskainitako eguna izango da domekakoa. Ardi txakur eta ardi gaztarik onena zein diren erabakitzeaz gain, ardi okela goxoen zeinek gertatzen duen erabakiko dute; eta artzaintzaren gaineko hainbat gauza izango dira ikusgai Legazpiko Euskalerria enparantzan domeka goizean: latxa arrazako ardi eta ahariak, gaztagintzaren lehena eta oraina, ardi mozte apustua,artzain txabola eta artisauak besteak beste. Bestalde, omenaldia egingo diete artzain lanetan ibilitako hainbat laguni.

Bolibarkoa da Pedro Andrinua baina Bergaran bizi da gaur egun. Pedrok, 1951n joan eta hamar urte eman zituen Idahon artzain eta arotz lanetan bere bi anaiekin batera. Oroitzapen onak gordetzen ditu garai hartatik Pedrok. Bolibarrera egiten zituen bidaietako batean egun emaztetzat duena ezagutu ez balu arrantxora itzuliko litzatekeela dio Andrinuak. Patuak, ordea, Bergarara ekarri zuen. Berrigarak elkarrizketa egin dio aste honetan.

Omenduetako beste bat Arantzazuko Gomistegi baserriko Juan Zelaia da. Orexako Paskualenea baserrian jaio zen orain dela 80 urte, eta Arantzazuko fraideen baserrian dihardu artzain lanetan 38 urtean. Gaur egun, 300 buruko artaldea dute Gomistegin eta ardiak ondo zaintzen dituztela gauza nabaria da. “Ez dago ardiok etxe ingurutik asko urruntzerik. Aloña ingurura bidaliko bagenitu, galdu egingo lirateke”, dio Zelaiak.

Pedroren garai bateko artzain lana eta Juanen urtetako jarduna goraipatu nahi dituzte omenaldi honekin. Andrinua anaiez eta Juan Zelaiaz gain, Arabako Jose Goiburu eta Maria Aranzazu Lazpiondo eta Zegamako Bitoriano Mujika eta Maria Pilar Arron senar-emazteak eta Zaldibiako Migel Muruak ere jasoko dute omenaldia.

Artzain txakur txapelketa

Artzain Eguneko azken ekitaldia Gipuzkoako Artzain Txakurren txapelketa izango da. 17:30ean jokatuko da Urtatza zaharren. Txapelketan bi debagoiendarrek hartuko dute parte: Arrasateko Jesus Mari Plazaolak Linda eta Gure txakurrekin jardungo du; Oñatiko Jose Luis Madinabeitiak, berriz, Lagun txakurrarekin. Plazaolak Legazpiko txapelketa irabazi zuen Argi txakurrarekin 2002an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak