Egubakoitzean zabalduko dute AP1 autobidearen Epelerainoko zatia

A.G. 2005ko uzt. 26a, 10:15

Uztailaren 29an inauguratuko dute. 3,5 kilometro dauzka zati berriak. Epelen egongo da ordainlekua.

AP1 autobidearen bigarren zatia (Bergara iparra-Bergara hegoa) zabaldu zutenetik lehen urtemuga betetzen den egunean, uztailaren 29an, egubakoitza, zabalduko dute hirugarren zatia, Bergara hegoaldetik Epeleraino doana.

Lau errail

Autopistako gainontzeko zatiak bezala lau errail izango ditu, bakoitza 3,50 metrokoa zabaleran; bazterbideak, berriz, eskuinekoak 2,50 metrokoak dira eta ezkerrekoak metro batekoak.

Aparteko segurtasuna tuneletan

Errepide zati horrek 3,5 kilometro izango ditu , horietatik 1,5 kilometro lur azpitik. Izan ere, bi tunel dauzka: Ikastaundikoa (1,2 km.)bata, Elorregin hasi eta Arrasateraino doana eta Aristikoa (0,3 km) bestea.

Aipatzekoa da, Europako arauei jarraituz, tuneletan aparteko segurtasun neurriak ipini dituztela. Horretarako ekipamendu berezia izango dute: argiztapena, larrialdietarako zutabeak suitzalgailuekin, aireztapena, ke detektagailuak, airearen abiadurarentzako detektagailuak, sua dagoela igartzeko eta itzaltzeko sistema, ebakuazio galeriak 250 metrotik behin oinezkoendako eta 750 metrotik behin ibilgailuendako, argi panelak, kamera zein irrati bidezko barruko sarea, megafonia eta galiboa kontrolatzeko sistema.

Zubi bidea Elorregin

Zubi bide bat ere badauka autobidearen hirugarren zati horrek, Elorregi auzoan hau ere, biribilgunetik Oñati alderako errepidea hartzen dugun tokian, hain justu ere.

Zati horri dagokion ordainlekua Epelen egongo da; baina oraindik erabaki barik dago zenbatekoa izango den bidesaria. Bihar, martitzena, adostuko dituzte ibilgailu bakoitzarendako prezioak Diputatuen Kontseiluan.

Ia lau urteko lanak

Orain dela ia lau urte hasi zituzten hirugarren zatia eraikitzeko lanak. 2003an Ikastaundiko tuneleko ezker hormatik lurra erori zen, baina horrek ez zuen aparteko arazorik eta atzerapenik eragin obretan.

Obrek guztira 87 milioi euroko kostua izan dute. Hain zati laburra egiteko hainbeste diru behar izatearen arrazoia da inguru horretako orografia konplexua; eta horri aurre egiteko tunelak eta zubi bideak eraikitzea.

Inaugurazioa egubakoitzean

Inaugurazio ekitaldian Diputatu nagusia eta Arabako eta Gipuzkoako diputazioetako, Eusko Jaurlaritzako zein Udaletako beste hainbat agintari izango dira. Behin inauguratuta ibilgailuendako zabalduko dute egun berean bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak