Etzi, hilak 13, hasiko dira zabaltze lanak Gi-627 bide zatian

A.G. 2005ko uzt. 11a, 10:30
Bidegik hilabete amaierarako zabaldu nahi du Bergara eta Arrasate bitarteko AP-1 autobide zati berria ibilgailuendako.

Etzi, eguaztena, jarriko dute lehen harria Arrasaten, Epele eta Kaskonategi (Arrasate) lotzen dituen Gi-627 bide zatiaren zabaltze lanen inaugurazio ekitaldi gisa.

Gipuzkoako Aldun Nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Bide Azpiegituretako diputatu Javier Zuriarrain eta Arrasateko hainbat udal agintari elkartuko dira bertan errepide zati honen zabaltze lanen lehen harria jartzeko. Epeleko lotunetik Kaskonategiko biribilgunera (Hiper Eroski aurrean) arteko errepidea da, 860 metro ditu eta lau erreietako errepidea egingo da bertan autobideak ekar ditzakeen auto pilaketak ekiditeko helburuarekin. Lanen aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da.

Autobidea arrasatera

Bidegik, bestalde, hilabete amaierarako zabaldu nahi du Bergara-Hegoaldea-Arrasate (3,5 kilometro) AP-1 autopista zatia.

Oraindik zehazteke dago Zaldumendi (Bergara) eta Epele (Arrasate) bide-tartea noiz zabalduko den ibilgailuendako. Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi digutenez, "lanak bukatzeke daude bide-tarte honetan. Errepidea asfaltatzea eta seinaleztapen-sistema jartzea falta dira eta eguraldi ona egitea ezinbestekoa da lanok bukatzeko".

eskoriatzako proiektua jendaurrean Bestalde, jendaurrean dago AP-1 autobidearen Arrasate-Eskoriatza bide-tartearen proiektua. 6,3 kilometroko bide-zatia da, Gasteiz-Eibar autobidearen 3. bide-tartea hain zuzen ere. Bidegik 2007ko bukaeran zabaldu nahi du. Proiektua hilabetez egongo da jendaurrean ikusi nahi duen guztiarendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak