Udazkenerako, ibarrerako autobus zerbitzu propioa jarriko du Diputazioak

Nerea Zubiete 2005ko uzt. 5a, 13:08
Debagoieneko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki dute Debagoienean autobus zerbitzu edo sare propioa behar dela, gutxienez tranbia iristen den bitatean. Hala azaldu zuten atzo, Mundumira jaialdiaren inguruan garraio publikoarekin egin zuten probaren balantzea aurkezterakoan. Ekaineko asteburu horretan aurreko asteetan baino %35 gehiago erabili zuten bidaiariek autobusa.

Autobus zerbitzu bereziak jarri zituzten ekainaren 9an, 10ean eta 11n, Mundumira jaialdiaren inguruan, eta ikusi zuten bidaiariek gehiago erabili zutela autobusa, aurreko asteetan baino %35 gehiago. Koldo Azkoitia, Gipuzkoako Diputazioko Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako Foru Diputatuak aurkeztutako datuek diote guztira 5.159 lagunek erabili zutela autobusa hiru egunetan.

Egunez eguneko datuak ikusiz gero, ekainaren 9an, osteguna, 1.953 bidaiari ibili ziren, aurreko asteko ostegunean baino 386 gehiago. Ekainaren 10ean, 2.105 lagunek hartu zuten autobusa, 369 gehiago aurreko astean baino. Eta zapatuan igoera nabarmena izan zen. Ekainaren 11n, 1.101 lagunek erabili zuten autobusa, aurreko astean baino 611 gehiago.

Bi autobus zerbitzu jarri zituzten. Bata zen azkarra, Ben Johnson izenekoa, eta herrietako geltoki bakarrean gelditzen zen. 577 bidaiari garraiatu zituen. Beste zerbitzuak, herrietako geltoki gehiagotan gelditzen zenak Abebe Bikila zuen izena eta 4.852 lagun eraman zituen herri batetik bestera. Bestalde, gaueko zerbitzuek ere bidaiari ugari mugitu zituzten, bi egunetan 1.118 lagun hain zuzen.

Azkoitia Diputatuak azaldu du, datu horiek erakusten dutela, Debagoieneko bidaiariek, zerbitzu on bat izanez gero, erabili egiten dutela zerbitzu hori. Eta Debagoienerako propio zerbitzu baten beharra ikusita, udazkenerako eskaintza abiatzeko prest azaldu dira Mankomunitatea eta Diputazioa, sei hilabeteko froga egiteko. Eta gainera, erretiratuendako abonuak jartzea aztertzen dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak