San Joanei agur egin eta bihar San Pedro jaiak hasiko dira

A.G. 2005ko eka. 27a, 10:58
Arrasateko San Joanetan, ohiko legez, jende gutxi ibili da egunez. Hala ere, antolatutako ekitaldiak arrakastatsuak izan dira. Bihar San Pedroak hasiko dira Eskoriatzan.

SUDC elkarteak antolatutako herri bazkaria izan zen atzoko ekitaldirik jendetsuena, Arrasateko San Joan jaietan. Hainbat ekitaldi jendetsu izan da eguena ezkero ospatu diren jaietan.

Hala ere, egunez ez da jende askorik ibili, zapatu-domekan. Umeak, aldiz, ibili dira hara eta hona. Zaldibarko plazan, esaterako, 400 bat ume elkartu ziren zapatu goizean Eguzkilaruri ongietorria emateko. Euriak eutsi zion, egubakoitzeko beroaren ostean zapatuan lainotuta egon zen arren. Eguzkilaruk ere ez zuen eguzki izpirik ekarri. Hala ere, ateri! Hori ere bada zerbait, jaietan ibiltzeko.

"Iaz baino jende gehiago"

San Joan jaiak Arrasate husteko aitzakia bihurtu dira aspaldian, herritar askok, hainbeste jai egun izanda kanpora joateko aprobetxatzen dituelako. Aurten, kooperatiba batzuetan jai egun gutxiago izan arren, igarri da jende gutxi ibili dela jaietan. Eguen eta egubakoitzean "lasai samar" esan ziguten tabernarietako batzuk; "zapatuan gehixeago, baina zapatua izateagatik".

Udaltzaingoak, ostera, "iaz baino jende gehiago ibili dela sumatu da. Auto gehiago egon da herrian", adierazi ziguten domeka goizean. Osterantzean, gertakari aipagarririk ez dela egon eta jaiak lasai joan direla baieztatu ziguten udaltzainek. Hala ere, zapatu iluntzean, esaterako, bertan behera geratu zen txosnagunean antolatuta zegoen aerobitoia, ordu berean izan baitzen eguenean mendian hildako Iker Uribetxeberria gaztearen hileta elizkizuna.

San pedroak ate joka

Bihar bertan hasiko dira San Pedro jaiak Eskoriatzan, eta gero, berriz, elgetarren txanda izango da Feria Nagusiarekin, eguenetik aurrera. Eskoriatzako Kirol Elkarteko areto futbol taldeak irakurriko du San Pedroetako pregoia eta 22:30ean hasiko da nagusien danborrada; hainbat batailoiek hartuko dute parte, baita Gaztetxeko eta ezker abertzaleko batailoiak ere. Lau egunetako jaiak izango dituzte Eskoriatzan, egubakoitzera bitartekoak. Gainera, Gaztetxeak eta Amninstiaren aldeko taldeak jai alternatiboa antolatu dute. Eguenean, elgetarren txanda izango da. 14:00etan hasiko dituzte jaiak eta 20:00etan izango da mozorroen jaitsiera. Domekara bitartean hainbat ekitaldi egongo dira Elgetan; zapatuan esaterako, erretiratuen bazkaria egingo dute Espaloian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak