"Ematen zaizkidan ahalmen guztiei jarraiki, eta elizaren aldeko ekintza guztiak kontuan harturik, nire esker oneko ezaugarritzat ematen diet ohorezko San Silvestre dama eta zaldun-orden izendapena Pureza eta Carmeni eta Alfonso eta Jose Mariri". German Lekuona Arrasateko parrokoak irakurri zuen latinez idatzitako pergaminoan Vatikanotik zetorrena. Ondoren, Juan Maria Uriarte gotzainak jarri zien "nahiko ezohikoa den kondekorazioa, Elizari eta xede katolikoari bultzada ematen nabari lan egin dutenei" esanez. Ekitaldi oso hunkigarria izan zen. Tarteka, ordea, Arantzazuko ekitaldira iritsi aurretik izandako lanari keinu ugari egon ziren.
Hizlari guztiek adierazi zuten, kooperatibismoaren lau bultzatzaileek ez zutela horrelako errekonozimendurik nahi; Uriarte gotzainak ere aitortu zuen "Gotzainari ezetz ez esateagatik onartu zutela". Horrela baieztatu zion Alfonso Gorroñogoitiak: "Gotzain Jaunak nahi izan du Aita Santuak guri onespen bat egitea kooperatibetan egindako lanagatik edo berak esango dituen beste arrazoiengatik. Hori hala izanik, obedientziaren exijentzia zen Gotzainaren nahia onartzea. (...) eta Elizaren sari bat, gauza inportante eta serioa da guretzat... horrelako oihartzun erlijioso bat duelako, hau da, gure Elizarekiko erantzukizunak eskatzen digun dei berezia delako. Hortaz, gure gotzainaren desioari obeditu diogu."
Ohore handiko ekitaldia izan zen. Oñatiko abesbatzak hasi zuen Agur Jaunak abestuz, aretoa jendez lepo zegoela. Ondoko aretoan ekitaldia jarraitzeko pantaila handi bat jarri zuten eta beheko solairuko aretoan ere gauza bera egin behar izan zen, batutako jendetzak ekitaldi guztiak jarraitu zitzan. Jabier Retegik omendu bakoitzaren izaeraz jardun zuen eta amaieran ezin izan zuen emozioa ezkutatu, Jose Maria Arizmendiarrietaren esaldietako bat gogora ekarriz amaitu zuenean.
Kooperatibak ez daude salgai
Juan Maria Uriarte gotzainak adierazi zuenez, "nahiko genuke zuek ikasiak dituzuen hiru alderdi uztartzea: jaso duzuen sentiberatasun kooperatiboa, aukeren eta zailtasunen azterketa egiteko gaitasuna eta zailtasunak saihesteko ahalmen profesionala. Eginbehar horretan beti izango duzue gure ulermena eta arnasa. Herri honek ia bere ondaretzat dauzka Arrasateko Kooperatibak. Eta ez dauzka saltzeko".