Arrasateko Bedoñabe Herri Eskolan 9 langilek eta Antzuolako, Elgetako eta Oñatiko Herri Eskoletako bina langilek bi orduko lanuztea egin dute gaur goizean. 07:30etatik 09:30ak bitartean egin dute lanuztea.
Aurten lehen lan hitzarmena adostu behar dute eta mobilizazioak deitu dituzten ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek diote joan den urritik dabiltzala negoziatzeko asmotan. Baina diote, Haurreskola Partzuergoa enpresak ez diela inolako erantzunik eman.
Egutegia eta lanaldia
Enpresaren eta langileen artean dagoen desadostasunik handiena lanaldiari etalan egutegiari dagokie. Sindikatuek azaldu digutenez, 0-2 urte bitarteko haurrekin dabiltzan langile horiek irakaskuntza arloko lanaldia izan beharko lukete. Haurreskola Partzuergoa enpresak, berriz, administrazioko lanaldia jarri diete. Urtean 1.592 orduko lanaldia zehazten diete. Sindikatuek, berriz, hezkuntza arloko beste langileekin parekatzeko, 1.480 orduko lanaldia egiteko proposamena aurkeztu diote enpresari. Horretaz gainera, haurrekin lanean ematen dituzten ordu presentzialak gutxitzea nahi dute, euren esanetan denbora gehiago behar dutelako programazioak eta koordinazio lanak egiteko.
Bestalde, salatu dute langile horiek egin behar dituztela lan guztiak, administraririk eta sukaldaririk ez dutelako. Beraz, dagozkien lanak ere egiten dituztela diote.
Txiringitoak bezala, ezin
Mobilizazioak deitu dituzten sindikatoek diote Eusko Jaurlaritzak ez dituela ondo neurtu haurreskola horiek dituzten beharrak. Horrela, uste dute herri askotan zabaldu dituztela haurreskola zerbitzuak, baina behar bezelako zerbitzurik gabe. Diote, txiringitoak balira bezala ezin direla zabaldu horrelako zerbitzuak.
Gaur goizekoa lehenengo lanuztea izan da, baina gehiago ere egingo dituzte. Ekainaren 23an eta ekainaren 30ean 4 orduko lanuztea egingo dute 07:30etatik 11.30ak bitartean. Gainera, bitarte horretan Eibarrera hurbilduko dira, Haurreskolak Partzuergoa enpresak duen egoitza aurrera, eta han kale bilkura egingo dute, salatzeko enpresak ez duela negoziatzeko aurrerabiderik ematen.