Bergarako epaitegiaren hizkuntza egoerari buruzko mahaingurua egingo da

Deiane Arrieta 2005eko ekainaren 15a

Zapatuan, ekainaren 18an, egingo da Euskal Herrian Euskarazek antolatutako mahaingurua. Gonbidatuak dira justiziaren alor desberdinetan jarduten duten bi kide eta EHE elkarteko kide bat.

Goizeko 11:00etan Nekane San Migel epailea, Esteban Umerez "Justizia euskaraz" elkarteko lehendakaria eta EHE taldeko kide bat bilduko dira mahaiaren bueltan. Bergarako epaitegiaren hizkuntza egoeraz hausnarketa eta eztabaida egingo dute. Eta herritar oro dago gonbidatuta Bergarako kultura etxean egingo den topaketara.

Ondoren, epaitegiaren aurrean ekitaldia egingo dute eta amaitzeko bazkaria egingo da.

"Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dira Bergarako epaitegian"

Euskal Herrian Euskaraz taldeak emandako datuen arabera, Bergarako epaitegiko epaile, idazkari eta fiskalen %100 ez da gai justizia administrazioko epaile funtzioa euskaraz betetzeko. Eta epaibarrutian administrari lanetan ari diren erdiek ez dute lana euskaraz betetzeko gaitasunik. Debagoiendarren %65,6 euskalduna dela kontutan izanik, Bergarako epaitegiak euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu dute. Eta eskatzen dute euskararen normalkuntzarako plangintza eraginkorra indarrean jartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak