Erdiko kaletik gora pasta goxoen, txorizo eta gaztaren, Mahalako esnekien, barkilloen, txokolatearen eta Lekunberriko ogiaren usaina nahasten zen. Plazara iritsita, Lizarra, Bera eta Orreagako landa-etxeak, Bizkaia eta Arabako txokoak, Nafarroako kanpinak eta munduko beste hainbat mendi-ibili, ibilbide eta bestelakoen berri jaso genuen. Han jarri zituzten senderismoaren azokako erakuslekuak, informazioz beteak.
Iturriotz kalean behera, berriz, eskuz egindako bitxiak, poltsak, jantziak eta plazako karpan bidezko merkataritza. Hori guztia egon da ikusgai hiru egunetan zehar Arrasaten, Mundumira jaialdiaren barruan antolatutako azoketan. Baina Munduko kulturen festak, txotxongilo erakustaldiak, musika emanaldiak, ipuin saioak, kaleko animazioa eta bestelako ikuskizunak ere eskaini dizkigu, goizez, arratsaldez zein gauez.
Jende ugari
Egubakoitzetik sumatu zen jendea batera eta bestera; egubakoitzean Monterronen egin ziren diapositiba emanaldi biak Marron-en Patagonia eta Marinen Euskal Herriko ibilbideak jendez gainezka egon ziren eta gauean Monterron parkean egindako musika kontzertuetara ere jende mordoa gerturatu zen: Garik aspaldiko kanten bertsio bereziak egin zituen tartean, Aitormenarena eta Babacar & Diengoz talde senegaldarrak, kostata, baina jendea dantzan jartea lortu zuen. Arratsaldetik dagoeneko igartzen zen jendeak ondo erantzungo ziola Debagoieneko Mankomunitatearen babesean Euskal Herria aldizkariak eta Gintonic ekoiztetxeak antolatutako jaialdi mundialari.
Eta jai handi guztiek legez, Mundumirak ere bere elastikoa izan du. Ternua etxeak Mundukide fundazioari laguntzeko ateratako 20 euroko elastikoak saldu dira Mundumira jaialdian eta harrera bikaina izan dutela adierazi digute antolatzaileek. Zenbaki batzuk: bariku arratsaldean 51 kamiseta saldu ziren; zapatuan, goizean bakarrik, 107.
Garraio publikoa
Mankomunitateak eskatuta, Diputazioak eta Pesak autobus zerbitzu berezia jarri dute asteburuan Arrasatera joateko. Debagoieneko ospitalean geraleku berezia jarri zen eta lehenengo egunetik erabilera handia izan duela adierazi digute arduradunek.