Hektor Llanos eta Virginia Berasategi garaile Arrasaten

A.G. 2005ko eka. 6a, 10:05

Zapatuan jokatu zen Debagoieneko IV. Triatloia. Llanosek izandako zulatuak Ciro Tobarri garaipeneko bidea zabaldu zion, baina beherakoa izan zuen. Emakumeetan Virginia Berasategi indartsu ikusi genuen igerian eta azkenean erraz irabazi zuen.

Triatloia protagonista izan zen zapatuan Arrasaten. Nagusien proba laugarren aldiz jokatu zen, baina goizak lasterketa berri bat izan zuen: Arrasateko txikien I. triatloia.

Berritasun asko izan ditu aurtengo edizioak, ez bakarrik proba berriaren sorkuntzarekin; ibilbidean (igerian eta korrika) ere aldaketak egon ziren. Parte-hartzaileen esanetan, ibilbideak jasandako aldaketak egokiak izan dira; eramangarriagoa egin zitzaien proba.

Lehenengo, igerian

Arratsaldeko 16:00etan itsas bozinaren hotsarekin hasi zen Debagoieneko IV. Triatloia. Lehenik eta behin 500 metroko igeri ibilbidea egin zuten parte-hartzaileek. Hektor Llanos eta Ciro Tobar izan ziren uretatik irteten lehenak. Segundo batzuetara Gorka Gonzalez bergararra irten zen. Metro batzuk oinez egin ostean, beste 1.000 metroko ibilbidea izan zuten igerian egiteko. Irteeran bikote berak jarraitzen zuen proba menperatzen (19:23), baina hirugarren Virginia Berasategi irten zen (21:02). Igeriketatik sartu zen Virginia triatloian eta asko nabaritzen da. Bizikletak hartu zuen protagonismoa ondoren. Epeleko eta Untzillako igoerak ziren ibilbideko punturik beroenak eta bigarrenean izan zuen, hain justu ere, Hektor Llanosek zulatua. Ciro Tobar aurrerantz joan zen bakarrik. Hala ere, korrikako zatian beherakoa izan zuen eta proba laga zuen. Atzetik, bizikletan taldetxo bat osatu zen (Hektor Llanos, Samuel Porte, Aitor Alberdi, Jon Aperribai...) eta, ondorioz, korrikako 10 kilometroek erabaki zuten sailkapena.

Hektor Llanos izan zen indartsuena korrikako sektorean. 32:21 denborarekin inork ezin izan zuen gasteiztarra jarraitu. Ciro Tobar zuen aurrean, baina honek izandako arazoak zirela eta, errazago izan zuen lehen postua eskuratzea. Atzetik Samuel Porte frantziarra sartu zen bigarren. Hektorrek baino 13 segundo gehiago behar izan zituen proba amaitzeko. Hirugarren Garraitz taldeko Aitor Alberdi sartu zen. Esprint polita egin zuen Imanol Gonzalezekin. Gogoratu behar da Alberdik aurreko urtean 23 urtez azpikoen sailkapena irabazi zuela. Debagoieneko lehena Jon Aperribai arrasatearra izan zen. Bizikleta da Jonen espezialitatea eta zapatuan ere hirugarren denborarik onena egin zuen bi gurpilen gainean.

Emakumeetan Virginia Berasategik ez zuen areriorik topatu. Aipagarria da 17 urteko Maider Vallinaren laugarren postua. Euskadiko txapelketa irabazi zuen aurreko urtean kadeteetan. Etorkizun handiko emakumea da Garraitz taldekoa.

Antxintxika taldea

Zapatuko proben atzean Antxintxika triatloi taldea dago. Antolaketa euren esku egoteaz gain, taldeko hainbat kidek ere parte hartu zuten. Tartean Xabi Lekue pasaiarra zegoen. Hawaiko probarako sailkatu zen Lanzaroteko Iron Man lasterketan: “diru asko ordaindu behar da eta babesle bila gabiltza”, adierazi zuen Xabik. Harmailatik GOITBko kirol saioan triatloiari buruzko programa berezia egingo dute 21:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak