Debagoiena ezagutzera emateko jaialdia egingo da Arrasaten

Marijo Deogracias 2005ko eka. 2a, 15:32

Debagoieneko Mankomunitateak Mundumira jaialdia antolatu du. Datorren asteburuan egingo da Arrasaten. Ernesto Murgiondo Mankomunitateko kultura ordezkariak Goienari adierazi dionez, "Mankomunitateko kultura batzorde berriaren lan ildo berriei kasu eginez eratutako ekimena da. Gure eskualdea ezagutzera emateko asmoz sortu da jaialdia eta kultura, kirola eta turismo eskaintza uztartuko ditu".

Hiru egunez, Arrasatek hartuko du Debagoieneko Mankomunitateak antolatu duen Mundumira jaialdia. Osatu berri den kultura batzordearen ekimenez eratu da Mundumira jaialdia, Ernesto Murgiondo Mankomunitateko kultura ordezkariak adierazi duenez. "Mankomunitatearen plan estrategikoa egin ostean hartutako erabakietako bat izan zen kultura batzordea osatzea. Ez da batzorde independientea, baina ibarreko udal kultura batzordeak elkarlanean jartzeko gunea izateko sortu da. Bere egitekoen artean, formatu handiko ekitaldiak antolatzea hartu du beregain eta horri erantzuten dator Mundumira jaialdia", azaldu digu Murgiondok.

Eskualdea bultzatzeko

Mundumira jaialdia "hainbat lurraldetatik etorrikoen topagune izateko jaialdia izango da, baina batez ere Debagoienak dituen natura, ondasun historiko-artistiko eta kulturalak ezagutzera emateko ekimena da", adierazi digu Murgiondok. Hori dela eta, musika saioez, azokez eta bestelako ekimenez gainera, mendi irteerak eta eskualdeko herrietatik bisita gidatuak egingo dira.

Laguntasun publiko eta pribatua

Mundumira jaialdia Debagoieneko Mankomunitatearen ekimenez sortutako jaialdia izan arren, laguntasuna behar izan du jaialdia erabat antolatzeko. Alde batetik, Foru Aldundiaren Kultura eta Turismo sailen dirulaguntza jaso du Mankomunitateak. Horrez gainera, Jaurlaritzaren kultura sailaren laguntza ere jasoko dute eta horrez gainera, entitate pribatuen laguntza ere izan du jaialdiak.

Elkartasun elastikoak

Ternua/Mundumira elastikoak jarri dira salgai jaiaren aitzakiara. Horrela bada, 3 eurotan daude salgai jaiko elastikoak eta batzen den dirua Mundukide Fundazioak jasoko du Mozanbikeko Marrupa programara bideratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak