Atzegik eguneko zentroa eta Txolarte kluba irekiko ditu Arrasaten

A.G. 2005ko mai. 30a, 10:32
Zapatuan batzarra eta bazkaria egin zituzten Antzuolan Debagoieneko 160 atzegizalek. Hurrengo hitzordua ekainaren 16an dute Arrasaten egingo da-eta Gipuzkoako batzarra.

Antzuolako Olaran etxean batu ziren zapatu eguerdian Debagoieneko atzegizaleak urteroko batzarra egiteko. Jose Angel Zabalo alkateak egin zien harrera eta batzarrari hasiera emateko Atzegiren –adimen urriko pertsonen aldeko gurasoen elkartea– ibilbidea jasotzen duen Tantaz Tanta izeneko ikus-entzunezkoa proiektatu zuten.

Erronka berriak

Atzegi elkartea proiektu berriak lantzen ari da eta zapatuan aurkeztutakoen artean Arrasaten zabaltzekoak diren Txolarte aisialdirako kluba eta eguneko zentro berria nabarmentzen dira. "Zeharok, berriz, bulego berria zabaldu du Arrasaten, non adimen urritasuna duten pertsonak lanpostu egokietan kokatzen dituzten", esan zuen eskualdeko ordezkari Jokin Antxiaren ordez aritu zen Maixabel bozeramaileak.

"Bergarako Txolarte klubak arazoak izan ditu irailaz geroztik begirale kopuruak behera egin zuelako nabarmen", esan zuen bozeramaileak. "Badirudi arazoa konpondu dela, baina garrantzitsua da denen artean gure lana ezagutzera ematea horrelakorik berriz ez gertatzeko".

Kanpainan murgilduta

Kartelak, hitzaldiak... Atzegi urteroko sentsibilizazio kanpainan murgilduta dabil egunotan. Eskualdez eskualde gutxienez urtean behin bilerak egiteko konpromisoa ere hartu dute eta kezkaturik agertu dira antolatutako kirol ekintzek duten arrakasta txikia dela eta. "Zer gertatzen den aztertu behar dugu. Ahalegin berezia egin behar dugu alor hori gehiago lantzeko".

Film laburren lehiaketa

Ekimen berri bat ere bultzatuko dute aurtengoan Atzegin. "Italian adimen urritasuna duten pertsonekin soilik egindako film laburren lehiaketa egiten dute urtero. Guk ere gure film laburrak egingo ditugu eta onena Gordonzolako jaialdira bidaliko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak