Leherketa 03:40ean izan da eta zink likidoa gordetzeko erabiltzen den tanga bat lehertu eginarazi dute. Suhiltzaileek EFE agentziari egindako adierazpenen arabera, produktu toxikoaren 15.000 litro isuri dira errepidera. Udaltzaingoak adierazi dutenez, isurketa ibairaino iritsi da. Hala ere, kendu dute segurtasunerako polizia-lerroa.
3 zauri arin
Gabilondo enpresako zaindaria eta bi ertzain Debagoieneko ospitalera eraman behar izan dituzte. Isurketaren ondorioz sortu den gas lainoa arnasteak eragin dieten kalteak zaintzeko eraman dituzte, baina dagoeneko alta eman diete.
Beste 3 leherketa
Soraluzen, Beasainen eta Elgoibarren ere egon dira leherketak; guztiak ere enpresetan. Lehenengoa Beasaingo Salbatore auzoko enpresa batean izan da, goizeko 3etan; bigarrena 3:40ean, Bergaran izan da; goizeko 4etan Elgoibarko Lerun industriguneko Bernardo Ezenarro margo enpresan gertatu da eta, ordu berean, Soraluzeko Erreka kaleko Industriak Gol lantegian izan da.
Leherketa guztiek kalte handiak eragin dituztela adierazi dute Jaurlaritzatik. Hango informazio iturriek adierazi dutenez, baliteke leherketa ETAk eragin izatea, leherkaria kloratitaz osatuta dagoelako. Hala ere, ertzaintzak ikerketekin jarraitzen du.