Munduko zeramikagile onenetako batzuek gurean egingo dute topaketa

Leire Kortabarria 2005ko api. 26a, 12:53
Munduko zeramikagile onenetariko batzuk Debagoienean izango ditugu datozen egunotan. Izan ere, Ceramikarte taldeak II. Arrasateko Telleria Baserriaren Jaia antolatu du, eta aurtengo berritasuna da Debagoien osora zabalduko dutela. Topaketak apirilaren 28tik maiatzaren 8ra bitartean izango dira.

Telleria baserriko jaialdia egubakoitzean, hilak 29, aurkeztuko dute Oñatiko kultura etxean, 19:00etan. Hain zuzen, han izango dira aurtengo protagonistetako batzuk: NVK (Nederlandse Vacgroep Keramisten) Herbehereetako zeramikagile taldea. Eurak dira, hain zuzen, aurtengo eskaintza indartsuena, antolatzaileen esanetan, munduko zeramikagintzako lehen mailan daudelako. Aurkezpenaren ondoren, dokumental bat aurkeztuko du talde horrek.

Aurtengo berezitasuna da jaialdia Debagoien osora zabaldu dutela. Ceramikartek dioenez, gure helburua da jaialdira etorriko direnek Debagoiena ezagutu dezaten. Hala, ekitaldiak Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin izango dira. Aurreikuspen onak ditu antolakuntzak: iaz, 2.500 bisitaritik gora etorri ziren Euskal Herritik eta Espainiatik.

Erakusketak eta zinema

Honako erakusketak antolatu dituzte apirilaren 28tik maiatzaren 8ra:

  • Impresiones calcinadas (Ruben Navarro, Gaztela-Mantxa), Arrasateko Harresi aretoan.
  • Eraikuntzak (Reyes Guillen, Euskal Herria), Arrasateko Monterron jauregian.
  • NVK taldea (Herbehereak), Oñatiko kultura etxean.
  • Esculturas de luz (Rafaela Pareja eta Samuel Bayarri, Valentzia), Eskoriatzako Ibarraundi museoan.

Zeramikaren inguruko dokumental zikloa ere antolatu dute, honako emanaldiekin:

  • Apirilak 29, egubakoitza: Osseklei (Herbehereak), NVK taldeak aurkeztuta, Oñatiko kultura etxean, 19:00etan.
  • Apirilak 30, zapatua: hiru dokumentalen emanaldia Arrasateko kultura etxean, 18:00etan.

Argibide gehiago duzue honako webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak