Gaur hasiko da errenta aitorpena egiteko epea gure ibarrean ere

A.G. 2005ko api. 25a, 11:17

Iritsi da errenta aitorpena egiteko garaia. Gutxiago edo gehiago, baina beti buruhauste. Gaurtik, apirilak 25, eta ekainaren 27ra arte, Ogasunarekin ditugun zorrak edota Foru Aldundiak gurekin dituenak kitatzeko garaia izango da Debagoieneko bizilagunendako ere.

Debagoiendar zergadun gehienek aitorpen mekanizatua egingo dute eta, horretarako, Foru Ogasunak Bergaran iaz egokitu zuen bulegora joko dute, Toki Eder plazako 5. zenbakira, hain justu ere.

Mikel Ibarrondo Bergarako bulegoko arduradunaren esanetan, 11.000 bat errenta egingo dituzte bulegoan. Horrek ez du esan nahi egiten dituzten guztiak debagoieneko bizilagunenak direnik; ezta debagoiendar guztiek han egiten dutenik ere. Izan ere, 12 bulego ditu Foru Ogasunak Gipuzkoan barrena eta ibarretik kanpo bizi edo lan egiten duen batek nahiago izango du beste norabait jotzea.

Bestalde, aitorpen mekanizatua bada ere aukerarik hedatuena, badira norberak egitea nahiago izaten dutenak, edo aurrezki kutxetan, gestorietan... ere egin daiteke errenta aitorpena.

Berritasun gutxi

Berritasun handirik ez dago aurtengo errenta aitorpenean, baina iaz nobedade izan zirenek indarrean jarraituko dute. Horien artean, hainbat zergadunendako abantailak daude: besteak beste, erretiro edo ezintasun pentsioak dituztenendako, familia ugariendako, INEMetik dirua jasotzen dutenendako... Beti ere, hainbat baldintza betez gero.

Kontuan hartu beharrekoak

Mikel Ibarrondo bulegoko arduradunak azaldu duenez, urteko hainbat argibide kontuan hartu behar dira. Esaterako, herritar guztiak ez daudela behartuta zerga aitorpena egitera.

Salbuespen asko dago, baina garrantzitsuena da, batetik, urteko lan etekin gordina 18.000 eurotik behera dutenena da; bestetik, kapital higiezinaren eta higikorraren etekinak eta ondare irabaziak, batera hartuta, 1.600 eurotik beherakoak izatea. Ostera, Ibarrondok gogorarazi du 8.500 eta 18.000 euro bitarteko lan irabazi gordinak dituztenen artean badirela zerga aitorpena egitera behartuta daudenak. Kasu ezberdinak daude hemen ere, baina ohikoena honakoa da: lan edo administrazio kontratu edo harreman bat baino gehiago izenpetu dutenena. Baita kontratuaren epea amaituta, enplegu emaile berarendako lan egiten jarraitu dutenak ere. Horiek ere, errenta aitorpena egin beharko dutela azaldu du Ibarrondok.

Horrez guztiaz gain, badira beste modu batzuk ere aitorpena egiteko, Internet, esaterako; bulegoko arduradunaren esanetan, gero eta jende gehiagok erabiltzen duen bidea da. Iaz, 11.423 lagunek erabili zuten bide hori; duela bi urte, 9.276k.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak