Oñatiko Udalak hiru dolu egun ezarri ditu lau oñatiarren heriotzagatik. Atzo egin zuen ez ohiko osoko bilkuran hartu zuen erabakia. Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko ikasleak ziren atzo istripuz hildako lau oñatiarrak eta han ere bi dolu egun ezarri dituzte, astelehenera arte ez dute eskolarik izango. Gainerako fakultateetan egun bateko dolua egingo da. Hildako batek Ulma enpresan praktikak egiten zituen, eta han ere dolua egingo dute.
Oñatiko Udalbatza osatzen duten indar politiko guztietako bozeramaileen izenean, adierazpena irakurri zuen atzo Oñatiko alkate Andoni Gartziak, zera adieraziz:
Hiru eguneko dolu ofiziala izango da Oñatiko herrian; Doluminak adierazten dizkie hildakoen familiartekoei, eta herritarrak gonbidatzen ditu hildakoen alde antolatuko diren hileta elizkizunak parte hartzeko.
Ezbehar larria
Ezbeharra 13:20an gertatu zen, N-2630 errepidean, Elorregi auzoa eta Oñati lotzen dituen bidean. Pesa konpainiako autobus batek eta Ford Fiesta zuri batek aurrez aurre jo zuten, eta autoan zihoazen lau gazteak hil egin ziren. Ane Miren Telleria (22 urte), Amaia Uriarte (25 urte), Mikel Urtzelai (22 urte) eta Aitor Oñate (20 urte) dira hildakoak.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, autoa Oñatirantz zihoan eta, autobusa, berriz, Arrasate aldera. Bi ibilgailuen arteko kolpea oso handia izan zen eta, ondorioz, autoan zihoazen lau gazteak unean bertan hil ziren. Auto barruan geratu ziren harrapatuta eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten gorpuak.
Autobusean zihoazen bidaiarietatik hiruk ere zauriak izan zituzten eta Arrasateko erietxera eraman behar izan zituzten. Erietxeak esan zuenez, bi emakume gaztek ornoetako kontraktura izan zuten eta autobuseko gidariak xok egoera. Arratsaldeko lehen orduan eman zieten senda-agiria. Istripuaren ondorioz, itxi egin behar izan zuten errepidea eta zazpi kilometroko auto ilarak sortu ziren. Ertzaintzak trafikoa GI-632 errepidetik eta GI-627tik bideratu behar izan zuen. Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak ikertzeko.
MUko ikasleak ziren laurak
Lau gazteak Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko ikasleak ziren. Bi emakumeak, Ane Miren Telleria eta Amaia Uriarte, informatikako 4. mailan zebiltzan ; Aitor Oñate elektronikako 2. eta 3. mailan zebilen eta Mikel Urtzelai mekanikan. Laurak goizeko klaseak amaituta, etxerako bidean zihoazen, Oñatira.