Euskal blogarien lehen topaketa: Elgeta eta hauteskunde gaua aukeratu dute blogariek

iban arantzabal 2005ko api. 18a, 20:31
Denen zerrenda ez dut egin, baina 22 bat blogari egon gara. Baita bloga egiteko gogoa duten batzuk, kuriosoren batzuk, blogarien lagunak... Gau berezia izan da bai blogarien topaketa zelako eta baita hauteskundeek markatu dutelako eguna.

Hauteskundeez bestela ere egingo da berba eta artikulu honetan Elgetako Espaloia Kafe Antzokian egindako topaketaz jardungo dugu.

Arratsaldean, 18:30ean hastekoa bazen ere iluntzeko 20:00etan elkartu gara gehienok. Pantaila handi baten bidez jarraitu ditugu hauteskundeetako emaitzak. Goiena telebista eta ETB 1 tartekatu dira pantaila erraldoian hauteskunde gauean.

Euskal blogosfera osasuntsu eta hazten

Guztira, 22 bloglari gaueko ordu txikietaraino ordenagailuak Espaloiko WIFI sarean konektatu eta hauteskundeetako emaitzak zuzenean jarraitzeko, edo lagunei erakusteko azkenengo aurkitu duten berrikuntza edo blogean egin duen diseinu aldaketa. Batzuk ez genuen elkar ezagutzen eta aukera polita izan da blogak gomendatu, programak pasatu eta esperientzia pertsonalak trukatzeko. Dezente ikasi duela esanda joan denik ere egon da. Angel Bidaurrazagak, berriz, topaketok hobeto antolatu daitezkeela ere komentatu du. Egia esan, helburu guztiak bete dira eta topaketak eman du pentsatua zegoena: Elkartu, birra batzuk edan, ezagutu eta trukatu.

Mungia, Bilbo, Eibar, Arrasate, Irun, Lekeitio, Elorrio, Galdakao, Lekeitio, Elgoibar eta Gasteiztik etorritako blogariak elkartu dira, behitzat. Bateronbat ahaztuko zait, noski... Asko egon gara, bai.

Behin betiko emaitzak

Espaloian ere 22:00ak pasatxo zirenean ezagutu ditugu behin betiko emaitzak. Interes handiz jarraitu dira datuok. Akaso, eman ere bai, baina kendu ere kendu dio berezitasuna blogarien topaketari. Hauteskundeetan interesatutako asko geunden pantailari begira eta horrek izan du eragina beste gai batzuk ez ateratzeko.

Blogen eztanda

Hauteskunde gauean lortu du Galdakaoko Julenek lehen aldiz bere blogean argazki bat editatzea. Lekeitioko Erramunek hainbestetan irakurritako Joxe Aranzabal ezagutzeko aukera izan du eta oraindik euren bloga testeatzen ari diren Elenak eta Josuk gomendio interesgarriak entzun dituzte. Maitek gomendatu du diseinuren bat, Iturri ere hasiera-hasieratik egon da Mathiasen kopilotuarekin, Gari izan du irakasle batek baino gehiagok, Mikel eta Asier ere goiz etorri dira... Irakurri, irakurri denek kontatuko dituztena beren blogetan eta bakoitzak pelikula bat kontatuko du. Esandakoa, denetik!

Lehen topaketan 22 bloglari elkartzea oso kopuru polita da eta ziur hurrengo topaketan kopurua bikoiztu egingo dela oraintxe eman baita blogen eztanda. Hurrengo topaketa egiteko arrazoiak badaude eta ea non eta nola antolatzen den. Hori dena erabakiko du sareko jardunak. Blogarien topaketak sarean egiten dira eta gero hori eraman lekuren batera. Hurrengoa urtebete baino lehen izan dadila! Eskerrik asko etorritako denori eta baita hau egitera animatu diguzuenoi. Noski, hainbat arrazoirengatik etorri ez direnak izango dute aukera laster. Hori espero dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak