Kmk´05 festa girotzeko ekitaldiak antolatu ditu Arizmendik

Gorka Etxabe 2005ko api. 14a, 16:59
Kilometroak´05 festa berotzen joateko zenbait kultur eta kirol ekitaldi antolatu ditu apirilerako Arizmendi ikastolak. Oraingo asteburuan hasi eta hilaren 30era bitartean izango dira ekitaldiak. Besteak beste, Oskorrik eta Kukubiltxok eskainiko dute DOKTOR DO RE MI ETA BENEDIZEBRA ikuskizuna.

Hilaren 16an jubilatuen mendi martxa izango da Eskoriatzan. Goizeko 9etan abiatuko dira parte hartzaileak Arizmendi ikastolako Almen gunetik eta 12:30ak aldera amaituko dute Almenen bertan. Ibilbideak 10 kilometro izango ditu (Almen - Eskoriatzako plaza - Eraña - Mendiola - Almen) eta amaieran opariak eta luncha izango da guztientzat. Debagoieneko jubilatuen elkarteetako eta Aramaioko elkarteko ordezkariak izango dira mendi martxan, guztira 250 lagun.

Oskorri eta Kukubiltxo taldeen azken ikuskizuna Arrasaten

Apirilaren 24an, Oskorri eta Kukubiltxo taldeen "DOKTOR DO RE MI ETA BENEDIZEBRA" ikuskizuna izango da Arrasateko Uarkape pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan. Sarrerak aldez aurretik salgai izango dira eta baita emanaldiaren egunean ere. Oskorriren eta kukubiltxoren ikuskizun berria dago oinarrituta Gipuzkoako haur kantuez Oskorrik eginiko disko berrian. Oskorri eta kukubiltxoren espektakulurik fisikoena da, kimikoena eta magikoena, umeentzat eta heldu argientzat. Ikuskizun bikoitza da, eszenatokian gertatzen dena eta umeek beraiek, proposatzen zaizkien hamaika jolasen bitartez, eskaintzen dutena. 40 lagunek esku hartuko dute ikuskizunean.

Abesbatzen topaketa Uarkape pilotalekuan

Apirilaren 30ean, abesbatzen topaketa egingo da Arrasaten. Uarkape pilotalekuan izango da topaketa 17:00etatik aurrera. Sarrerak balioko du 3 euro eta dirua izango da Harreman gobernuz kanpoko erakundearentzat. Arizmendi ikastolako zenbait taldek esku hartuko dute topaketan. Gainera; Berriz, Aramaio eta Oñatiko abesbatza gazteak ere izango dira eta gonbidatu sorpresa bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak