Giro beroa korrikaren alde

Gorka Etxabe 2005ko mar. 17a, 11:56
Iluntzeko epeltasuna aprobetxatuz, debagoiendar asko irten zen errepidera euskararen alde korrika egitera. Batez ere, Arrasateko zeharkaldia oso jendetsua izan zen. Ibarreko gainerako herrietan ere jende askok egin zuen bat euskararen aldeko aldarrikapenarekin.

Gau epela klimatologiari dagokionez, eta giro beroa euskararen alde. Debagoieneko errepide eta herriko kaleak jendez bete ziren euskarari bai esateko. Askotariko elkarte, alderdi politiko, sindikatu, kirol talde eta gizarte eragilek hartu zuten lekukoa.

Arrasaten Mundukidekoak eta presoen aldeko aldarrikapena

Kanpanzarretik behera kubatarrak, brasildarrak eta beste zenbait herrialdetako lagunak izan ziren protagonista Mundukideren truke programari esker. Arrasateko kaleetan, ostera, Jon Agirre presoa omendu zuten. Joxepa Arregik gurpildun aulkia eraman zuen zenbait metrotan, Jon Agirreren egoera salatu guran.

Aramaioko dantzariak protagonista

Arrasateko irteeran, Aramaiora bidean sekulako jendetza elkartu zen, milaka lagun euskararen eta korrikaren alde. Aramaion ere jende askok egin zuen bat festarekin, eta auzoetatik igarotzean babes handia jaso zuen. Aramaioko Dantza taldeko gazteek hartu zuten lekukoa Zabola inguruan eta Untzillarako bidean haiek izan ziren protagonista, eta Korrikako antolatzaileak oso gustura debagoiendarren erantzunarekin.

Aretxabaletan etxafuegoekin egin zioten ongietorria Korrikari

Araba ere euskararen alde! Oihukatu zuten Aramaio aldean. Aretxabaletan ongietorri beroa egin zioten Korrikari, Kurtzebarri eskolakoak Untzilla auzoan eta Arizmendi ikastolakoak Loramendin. Baina, gainera, elkarte gastronomikoak, alderdi politikoak, UDA kirol elkarteak eta beste zenbait lagunek ere hartu zuten euskararen aldeko lekukoa.

Jubilatuak protagonista Eskoriatzan

Gauza bera gertatu zen Eskoriatzan. Gauaren epelean irten ziren herritarrak kalera, tartean, Huheziko ikasle asko ere. Eta euskararen aldeko aldarrikapenak adinik ez duela argi utzi zuten Eskoriatzako jubilatuek.

Eskoriatzatik Leintz Gatzagarako bidea hartu zuen Korrikak, eta handik Araba aldera. Marieta, Ozaeta, Narbaxa eta Zalduondoko euskalzaleek hartu zuten debagoiendarren lekukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak