Kontrarioari begira egon beharrean, eguraldiari begira daude Oñatiko eta Arrasateko taldeak, eta eguraldi iragarpenen arabera asteburuan ere elurra botako du. Ikusi egin behar norgehiagoka jokatu ala jardunaldia atzeratu egiten duten. Ez da albiste ona izango; Mondrak, adibidez, norgehiagoka bat dauka atzeratuta, aurreko elurtean jokatu ez zutena.
Taldeei dagokienez, bederatzigarrena da Mondra, eta hamaseigarrena Aloña Mendi. Oñatiarrek ezin dute etxean opari gehiago egin; azkenaldian, Aitor Oruetaren mutilek itxura polita erakutsi dute, lau jardunaldi egin dituzte-eta partidurik galdu barik. Mondra ere nahiko txukun dabil, Anaitasunari irabazi eta gero, joan den astean puntu bat eskuratu zuten liderraren kontra.
Bergaran entrenatzaile aldaketa
Bergarako zuzendaritzak astean zehar erabaki du entrenatzailea aldatzea, eta Igor Gordobilen ordez Fernando Oregik zuzenduko du taldea. Oiartzunen kontra estreinatuko da (zapatuan, 16:30ean, Agorrosinen). Aretxabaletako UDAk, berriz, Zarautzen jokatuko du (domekan, 16:30ean).