Fagor etxetresna elektrikoen bazkideek onartu egin dute Elco Brandt enpresa erostea

Marijo Deogracias 2005ko ots. 28a, 12:46
Fagor eta Edesa kooperatibek, asanblada kideen %83rekin, onartu dute Elco Brandt taldeari erosketa eskaintza egitea.

"Asanblada biek onartutako akordioak bakar-bakarrik erosketa eskaintza aurkeztea baimentzea du helburu; beraz, operazioa ez dago itxita". Berba horiekin argitu dute Fagor Etxetresna elektrikoen prentsa bulegotik eguenean eta egubakoitzean bazkideek asanbladan hartu zuten erabakia.

Brandt enpresaren %90 erosteko baimena eman zuten Fagorreko bazkideen %83k (2.045 aldeko boto, 335 kontra eta 88 zuri izan zen bozketaren emaitza). Frantziako taldearen %10a 2002an eskuratu zuen Arrasateko kooperatibak eta orain enpresaren jabetza osoa eskuratzeko asmoz, asanbladari aurkeztu zitzaion horretarako erosketa eskaria.

Baldintzatutako baietza

Fagor etxetresna elektrikoen kontseilu sozialak beraz, onartu egin zuen zuzendaritzak Elco Brandt taldea erosteko proposamen eskaria egitea, baina ez zuen debalde egin. Kontseilu sozialak, Uharkapen egindako asanbladan, lau baldintza onartzea eskatu zion zuzendaritzari.

Lehenengo eta behin, operazioak ezingo du lanpostuen galerarik ekarri eta lanpostuak sortzeko ahalegina egingo du Fagorrek.

Bigarrenik, bazkideen poltsikoan ez eragiteko, operazioak dirulaguntzarik beharko balu Fagor Taldeak hartuko du beregain; galerak, berriz, etorkizuneko irabaziekin ordainduko lirateke.

Hirugarrenik, maiztasun jakin batekin, operazioaren kudeaketaren berri emango zaio kontseilu sozialari.

Azkenik, erosketa operazioan ari diren exekutiboek, operazioak dirauen bitartean kargua ez uzteko konpromiso etikoa hartuko dute.

Elco Brandt taldeak 4.700 langile eta sei produkzio leku dauzka. Erosketarekin etxetresnen alorrean Europako bosgarren ekoizlea izatea lortuko luke Fagorrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak