Domekan botoa eman zutenak zoriondu ditu Aralarrek

Goiena 2005eko otsailaren 25a

Debagoieneko Aralarrek prentsaurrekoa eskaini du Europako Itunaren Erreferendumaren emaitzen gaineko balorazioa egiteko. Abstentzio handia eta Debagoienean ezezkoa nagusitu izana nabarmendu dituzte.

Bereziki, bozkatzera joan ziren debagoiendarrak zoriondu nahi izan ditu Aralarrek, “ezezkoa garaile izan delako”. Eta, zoriondu, ezezkoa nagusitu delako ibarreko herri ia denetan, Arrasaten eta Eskoriatzan izan ezik.

Ezezkoaren aldekoak batera

Debagoienean ezezkoa nagusitu izanaren arrazoietariko bat alderdi politiko, sozial eta sindikalek agertu duten batasuna dela uste du Aralarrek. Europako Itunak porrot egin duela uste dute, “bakarrik hautesleen %25en babesa duelako eta gure ibarrean, ostera, %17ena”.

Interes falta

Parte hartze txikiaren arrazoiak bi dira Aralarren ustetan: batetik, eraikitzen ari diren europar ereduak pizten duen interes falta. Eta bestetik, baiezkoaren alde egin duten alderdiek jaso duten babes txikia. “Ez da kasualitatea ezeko bozka gehien egon diren lekuetan, are eta handiagoa izatea abstentzioa; leku horietan ez da kontua herritarrek duten interes maila baxuagoa izatea, baizik eta baiezkoaren alde egin duten alderdiek erantzun txikia jaso izana” dio Aralarrek. Horren haritik, EAJri hausnarketa egitea eskatu dio Aralarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak