Herritarren parte hartzea bultzatu nahi du Debagoieneko '18/98 eta gehiago' herri ekimenak

Goiena 2005ko ots. 17a, 18:38

Debagoieneko 18/98 eta gehiago herri ekimenak bere izaera zabala eta herrikoia aldarrikatu eta hurrengo asteotarako ekimenen berri eman du.

Orain dela aste bi aurkeztu zuten Bergaran, Debagoieneko 18/98 eta gehiago ekimena. 18/98 sumario erraldoian inputatuta dauden 220 lagunei —horietatik zazpi ibarrekoak— babesa eskaintzeko plataforma da hori eta ibarreko hainbat pertsona ezagunek osatzen dute. Oraingo astean, martitzenean, bestalde, prentsaurrekoa eskaini dute Bergaran, Plataformako kideek, haien “izaera zabala eta herritarra aldarrikatzeko” eta gaiaren gaineko informazioa zabaltzeko herritarrei. “Ekimen honetan parte hartzen dugunok alderdien gainetik jardun nahi dugu, ekimen herrikoia izan nahi du, herriaren aurkako eraso gogorra delako 18/98 sumarioa" esan zuten.

Babesik eza

Bestalde, Anaje Narbaizak, Plataformako bozeramaileetako batek gogora ekarri zuen gaur egun 220 inputatu daudela 18/98 sumarioan, baina modu batera edo bestera kaltetuta gertatu direnak 260 direla. Horretaz gain, esan zuen gaur egungo egoera dela 220 inputatu horietatik 43 daudela kartzelan eta, bestalde, 18/98 sumarioaren barruan dauden epaiketa batzuk dagoeneko egiten hasiak direla: Jarrai-Haika-Segi kasua, eta “epaiketa horiek egiten hasi direnean, nabarmen geratu da inputatuen babesik eza” esan zuen.

Herritarren parte hartzea

Plataformako kideek ezagutzera eman zituzten hurrengo asteotarako antolatu dituzten ekimenak eta herritarrak gonbidatu zituzten ekimenotan parte hartzera. Honako hauek dira ekitaldiak:

  • Zapatuan, hilak 19, goizeko 11:00etan, Donostiako Kursaalen elkarretaratze handi bat, sumario erraldoi honetan inputatuta daudenak eta beste hainbat kide bertan izango direlarik.
  • Otsailaren 24an, elkarretaratze handi bana egin nahi dituzte Arrasate eta Bergarako plaza nagusietan, 19:30ean.
  • Otsailaren 26rako, manifestazio bat iragarri dute Bilbon 17:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak