Kolokan daude Bergara eta Arrasateko Iguala osasun etxeak

Enplegua erregulatzeko espedientea ireki dietela salatu dute Igualako zortzi langileek.

Igualako medikuak Osakidetzaren sarean sartuko direla-eta, herri bietako osasun etxeak kolokan daude. Oraingoz, gaur, astelehena, zabalik daude bi osasun etxeak.

Medikuak haserre

Osasun etxeetako langileak haserre daude, Arrasate eta Bergarako Igualak itxi egin dezaketeelako. Erabaki honekin mutualistez gain, osasun etxeetako langileek -8 guztira- ere jasango lituzkete itxieraren ondorioak. Osakidetzara pasatzeko prozesuan, antzinatasuna galdu egingo dute Arrasate eta Bergarako langileek eta bitarteko mediku legez hasiko dira Arrasateko ospitalean eta Oñatiko eta Bergarako anbulatorioetan. Igualako langileek salatu egin dute jasoko duten kalte-ordaina legean jasotzen den gutxienekoa izango dela (mediku pribatuen kasuan 12 hilabete gehienez) eta, bitarteko mediku izanik, lan eskaintza publikoa irabazteko inolako aukera barik geratuko direla. Igualako langile taldeak salatu duenez, "Arrasateko zentroan ari diren erizainak eta administrariak Fagorreko katean sartzeko aukera izango dute, baina eurek ere, medikuek legez, antzinatasuna galduko dute". Igualako mediku Eugenio Iturriotzek Goienari azaldu dionez, "langileok ez daukagu ezer sinatuta Osakidetzarekin. Gu Liga de Asistencia delako horren langileak gara eta enplegua erregulatzeko espedientea irekitzeko prozesua hasi du gure enpresak. Eskatzen duguna da MCCk eta Lagun Arok parte hartu dezatela gure lanpostuen etorkizunean”. Joan zen eguaztenean Fagorreko Kontseilu Sozialari gutuna aurkeztu zioten Igualako langileek.

Kontseilu sozialaren eskaria

Igualako langileek diotenez, "gure enpresak ez die mutualistei gure egoeraren berri eman. Gure ustez, Kontseilu Sozialek zeresana dute honen guztiaren aurrean eta gure alde egiteko eskatu diegu". Gaur bertan, otsailaren 2an izandako batzar informatzailearen ondotik, Fagorreko kontseilu orokorrak batzarra izango du medikuen egoera konpondu dadin eskaria egiteko. Joseba Ugalde Kontseilu Sozialeko kideak Asteleheneko Goienkaria-ri azaldu dionez, "medikuak Kooperatiban integratzeko eskaria egingo dugu; aztertu dezatela horretarako modurik dagoen. Erizainaren eta administratzailearen kasuan, katera lanera badatoz ere, antzinatasuna ez dezatela galdu eskatuko dugu. Hala ere, hau ez da Fagorreko Kontseilu Sozialak bakarrik aztertu beharreko gaia; Lagun Arok eta Euskadiko Kutxak ere eztabaidatu beharko lukete".

Aurrekariak

Igualako langileek salatu dutenez, "ez digute laga Osakidetzan sartzeko negoziazioetan parte hartzen; ez dakigu nolako tratuak egin dituzten. Dakiguna da, 1988an Asistentzia Zentroa Osakidetzara pasatzean Lagun Arok eskatu zigula geunden egoeran lanean jarraitzea. Lan kontratuarekin jardun dugu beti. Liga de Asistencia y Educacion delakoa sortu zenean, Kooperatibaz kanpo hasi ginen, horrela eskatuta. Orain, gure egoerari irteera emateko, Bilboko abokatu talde bat kontratatu dute Osakidetzarekin negoziatzeko eta enplegua erregulatzeko espedientea irekiko digute".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.