Asobal Ligako Teka Kantabria eta Bidasoa Irun, zapatuan, Iturripen

Goiena 2005ko ots. 4a, 13:00
Arizmendik antolatu du maila goreneko eskubaloi partidua, Kilometroak jaiaren barruan. Arrasateko Iturripe kiroldegian izango da norgehiagoka, 18:00etan.

Punta-puntako bi talde

Punta-puntako bi talde

Kilometroekin bat egiteko aitzakiarekin -eta aitzakiak balio du-, eskubaloia atsegin dutenek galdu ezin duten hitzordua dute bihar arratsaldean Iturripeko kantxan. Eta kirol horren jarraitzaile amorratu ez direnek eta beste plan bat daukatenek hobe dute birritan pentsatu, damutuko dira, bestela. 18:00etatik aurrera Allianz Asobal Ligan dabiltzan bi talde izango dira Arrasaten: Teka Kantabria eta Bidasoa Irun, hain zuzen.

Egutegian tartea

Luxua da Ibarrean horrelako norgehiagoka ikusi ahal izatea. Alde horretatik, Arrasate Eskubaloi Taldeko Andoni Arandok aitortu digu lagunarteko partidu hori antolatzeko zortea izan dutela: "Arrasateko taldean bagenuen horrelako eskubaloi partidu bat antolatzeko asmoa. Arizmendikoek proposatu ziguten Kilometroen alde horrelako ekitaldi bat antolatzea, eta Athlonekoekin batera hasi ginen lanean. Egia esan, zorte handia izan dugu. Batetik, oraingo asteburuan beheko kategoriatan deskantsua daukagu, eta badakit inguruko eskubaloi taldeetako jokalari asko etorriko direla. Horrez gain, orain momentuan eskubaloi selekzioak Tunezen daudenez, Munduko Txapelketa jokatzen, Asobal Liga geratuta dago. Hala, Tekari eta Bidasoari lagunarteko norgehiagoka antolatu gura genuela esan genienean ez zuten trabarik jarri, komeni zaie-eta erritmoa ez galtzeko horrelako partiduak jokatzea".

Bi talde horiek datorren astean ekingo diote txapelketari, eta ez daude loak hartzeko moduan, nahiz eta sailkapenaren erdialdean egon: "Zortzigarren postuan dago Teka Kantabria, eta puntu bat gutxiarekin dago Bidasoa Irun".

Sarrerak, aurrez edo leihatilan

Norgehiagoka ikusteko euro bat ordaindu beharko da. Sarrerak aurrez erosi gura dituenak Kilometroen dendetan izango ditu. Bestela, bihar bertan Iturripeko leihatilan erosi ahal izango dituzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak