Urrezko domina eta plaka Ulgorren sortzaileei

Marijo Deogracias 2005ko urt. 31a, 10:35
Gorroñogoitia eta Ormaetxeari domina eta Arizmendiarrieta, Usatorre eta Larrañagari plaka ematea erabaki du Foru Aldundiak.

"Kontuan izanda Jose Maria Arizmendiarrietak, Luis Usatorrek, Jesus Larrañagak, Alfonso Gorroñogoitiak eta Jose Maria Ormaetxeak izan duten aitzindari jokabidea Arrasateko kooperatiben mugimendua sortu eta eratzeko, bidezkotzat jotzen da pertsona horiek jende aurreko aitorpena merezi dutela".

Horrela erabaki zuen zapatuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatuen kontseiluak eta Gorroñogotia eta Ormaetxeari Gipuzkoako urrezko domina eta Arizmendiarrieta, Usatorre eta Larrañagari Gipuzkoako urrezko plaka ematea adostu du.

Ibilbidea 50 urtetan zehar

1955ean sortu zuten Ulgor, Usatorrek, Larrañagak, Gorroñogoitiak, Ormaetxeak eta Ortubayk. Gasteizen hasi zuen ibilbidea dagoeneko mende erdi egin duen etxeko tresna elektrikoen kooperatibak. Urtebetera Arrasatera ekarri zuten egoitza eta 1959an kooperatiba bihurtu zen, Arizmendiarrietaren pentsaerari jarraituz, "elkartasunean egindako lana eta heziketa aurrerabide sozialaren oinarrizko bitarteko bihurtu, lanaren eta elkartasunaren baloreak sorkuntzaren indar bilakatuz".

Sari banaketa

Sarien banaketa martxoaren lehenengo hamabostaldian izango da, Jose Juan Gonzalez de Txabarri Aldun Nagusiak iragarri duenez. Menchu Gal margolariari ere emango diote urrezko domina, sari hori jasoko duen lehenengo emakumea izanik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak