Beste istripu bat izan da Arrasaten

Usoa Agirre 2005ko urt. 25a, 11:42
Musakolan izan da istripua 9:30ak aldean. Kamioi batek eta auto batek elkar jo dute. Istripuak zirkulazio arazoak eta auto ilarak sortu ditu Aretxabaleta eta Bergararako noranzkoetan. Errepideetan kontuz ibili beharra dago. Izotza dago leku askotan eta elurra ere ari du leku garaienetan. Leintz Gatzagako mendatea zabaldu dute.

Arrasateko saihesbidean izan da goizeko bigarren istripua, eskualde ospitaleko sarrera-irteeran. Auto batek eta kamioi batek elkar jo dute. Zirkulazio arazo larriak daude momentu honetan Aretxabaleta eta Bergarako noranzkoetan. Zauriturik ez da egon.

Gogoratu, beste istripu bat izan dela Bergaran goizean, Otsein parean. Garabia ari da momentu honetan kamioia kentzen.

Kontu handiz gidatzeko aholkua eman du Herrizaingo Sailak eta autoa ahal bada ez hartzeko.

Leintz Gatzagako mendatea zabalik

Goizean goiz itxi egin dute Leintz Gatzagako mendatea, elurra eta izotza baitzegoen errepidean. Momentu honetan egoerak hobera egin du eta errepidea zabaldu dute.

Autobus zerbitzuak

Eguraldiaren arabera zerbitzua aldatu egiten dute autobus konpainiek. Arrasate barruan, adibidez, goizean ibili dira autobusak, baina orain Arrasateko lekurik altuenetan arazoak dituzte: bi autobus gelditu dira jaitsi ezinda, izotza dela-eta. Udaltzaingoaren zain daude orain, gatza bota dezaten. Autobusak, beraz, herritik ibiliko dira, aldaparik igo gabe.

Pesa konpainiako zerbitzu gehienak normaltasunez egiten ari dira momentuz. Eibar-Arrasate-Gasteiz linean ez dute arazo handirik eduki oraindik. Esan beharra dago, ordea, Urbinatik egiten ari direla bidea; urtegira ez dira inguratzen, izotz plaka handiak daudelako.

Bilbora doazen autobus batzuk Kanpazartik desbideratu dituzte, Elgeta oso gaizki jarri delako momentu batean. Baina, orain hobetu da egoera eta hasi dira Elgetatik autobusak igarotzen.

Elgeta

Elurra ari du Elgetan eta errepidea itxita ez badago ere oso kontuz gidatzea komeni da. Elurra kentzeko makina pasa da eta gatza bota dute bidean. Elgetara igotzeko bidea ez dago hain gaizki; autoak katerik gabe ikusten dira mendatea igotzen.

Gatzaga

Gatzagan dena zuri dago. Etengabe ari du elurra, baina oso fin. Leintz Gatzagako mendatea zabaldu dute.

Helbide interesgarri batzuk:

Euskal Herriko Klimatologia eta Metereologia elkartearen webgunean duzue eguneko iragarpena.

Eusko Jaurlaritzaren Metereologia eta Klimatologia Zuzendaritzak ere ematen du eguraldiaren berri: Euskalmet

Mendateen gaineko informazio eguneratua duzue Trafiko Sailaren webgunean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak