ELA-k ezetz esango dio Europako Konstituzioari

ELA sindikatuak ezezko botoa eskatuko du otsailaren 20ko erreferendumerako, Europako Konstituzioari ezetz esango dio ELAk. Sindikatuak dio estatuak babesten dituela eta merkatu neoliberala garatzeko egina dagoela, gizartearen, langileen eta orohar norbanakoen eskubideak ez dituela behar bezala kontuan hartzen. Debagoienean horren gaineko informazioa zabaltzeko kanpaina egiten dabil ELA.

ELA sindikatuaren esanetan, Europakoa ez da Konstituzioa, Estatu Buruek lortutako akordio bat dela dio. Salatzen du ez dela inolako organorik sortu idazteko eta lantzeko, eta ez gizarteak ez eta estaturik ez duten gobernuek ez dutela aukerarik izan parte hartzeko. Horretaz gainera, autodeterminazio eskubidea ez du jasotzen.

Sindikatuak azaldu du ez duela ulertzen nola hemengo alderdi abertzale batzuek baietza eskatzen duten otsailaren 20rako.

Eskubidetan urritasuna

Elaren esanetan, gainera, Konstituzioak ez ditu gizartearen eta norbanakoen eskubideak bermatzen. Dio lanerako eskubidea ez duela aitortzen, Europako Batasunetik kanpoko langileendako traba ugari jartzen dituela, etxebizitza ez du hartzen eskubide bat moduan eta osasunari ere ez dio ematen behar duen garrantzia, besteen artean.

Horretaz gainera, Konstituzioak helburu bakarra duela salatu dute: Merkatua dela helburu hori diote. Merkatua pertsonen eta eskubideen gainetik dagoela uste du ELAk. Ekonomia eta moneta politikak alde batera uzten duela enplegua dio, guztia Merkatuaren menpe jarriz eta langileak batere babesik gabe utziz.

ELAk, bestalde, gaineratu du Europako Konstituzioak aurrekontu murritzaileak eta lehiakortasuna bultzatzen dituela, ongizatearen kalterako. Politika fiskalaren helburua ez dela gizartea dio. Alderantziz, gutxieneko presio fiskal zuzena bultzatzen duela dio, berriz, zuzenekoak ez diren zerga asko jartzeko eta paraiso fiskala sortzeko bidea errazten duela.

Kanpaina Debagoienean

Joan den eguakotxien hasi zuten kanpaina eta orain informazioa banatuko dute enpresetan, azoketan eta baita etxeetan ere, hainbat herritan. Alderdi politikoei eta beste gizarte eragileei ere dei egingo diete jendaurreko elkarrizketa egiteko, bakoitzak bere jarrera azaldu eta arrazonatzeko. Azkenik, sindikatuko ordezkarien konzentrazioa deituko dute erreferendumaren aurreko astean egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.