Danbaka: Finaleko kontzertuen gaineko kritikak eta argazkiak

Goiena 2005ko urt. 17a, 18:00
Oñatiko Sharon Stoner taldeak irabazi zuen Danbaka lehiaketa, baina edozeinek irabaz izan zezakeen. Zirrara egon zen bukaera arte. Finalisten maila bikaina eta giro ederra izan ziren nagusi barikuan. Hemen bildu ditugu finalista bakoitzaren kontzertuen gaineko kritikak eta finaleko argazkiak.

Muted (Arrasate-abadiño)

Muted (Arrasate-abadiño)

Adituak esana / Unai Azkarate, musikaria

Metal oso neurtua egin dute, erritmo programatuekin. Giroa hotz samar zegoen, baina teknikoki, eta euren estiloan, oso talde ona da. Rammsteinen bertsioa desegokia iruditu zait, oso entzuna dago eta.

Ikusleek esana / Maider Arregi

Ez nuen talde hau ezagutzen, eta sekulako ezustea eman didate. Oso talde osoa iruditu zait, eta abeslariaren ahots bikainak harritu nau. Eszenaratzea oso ona izan da, eta musika aldetik ere onak dira. Akatsa da ez dutela publikoarekin hartu-emana bilatu.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Oso emanaldi neurtua izan zen, neurtuegia akaso publikoarenganako berotasuna lortzeko. Hala ere, musika eta koreografia aldetik bikain aritu ziren. Primerako taldea da Muted eta gurean zabalkunde handiagoa merezi du.

Taldekideek esana

Ondo aritu gara. Gogor entseatu dugu honetarako eta gustura geratu gara. Urduritasunak beti du eragina, baina tira… Pozik gelditu gara, izan ere, ez gara lehiaketa irabazteko ideiarekin etorri, gure kontzertua eskaintzera baizik. Beste bi finalistak oso maila oneko taldeak dira.

Sharon Stoner (Oñati)

Adituak esana / Unai Azkarate, musikaria

Stoner estiloan, sekulako kalitatea dute. Kantuak oso landuta dituzte eta hori igartzen da. Abeslariak erregistro asko ditu. Bateria-jotzailea ere oso ondo aritu da.

Ikusleek esana / Maider Arregi

Taldea ezagutzen nuen lehendik ere, eta banekien indartsuak zirela. Neuk gustuko dudan taldea da, izan ere, hiru kide besterik ez izateko, agertokia bete egiten dutela iruditzen zait. Emanaldi honetan ere gustatu zaizkit. Abeslariak ahots erakustaldi bikaina egin du eta publikoa zoratuta egon da eurekin.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Talde txikia da kopuru aldetik, baina hazi egiten dira agertokian. Aditu ez direnendako, musika estiloa gogorregia izan daiteke. Hala ere, oso profesional jardun zuten eta, elkarren artean eta publikoarekin ere, primeran konpondu ziren. Oso irabazle duinak dira. Zorionak!

Taldekideek esana

Hasieran urduri geunden, eta akaso hotzago sumatu gaitu publikoak, baina gero gustura egon gara. Publikoa oso ondo portatu da. Finalera iritsiko ginenik ere ez genuen uste; hortaz, irabazteko aukerak bagenituela uste genuen, zergatik ez?

Potemkin (Oñati)

Adituak esana / Unai Azkarate, musikaria

Giro ona jarri zuten izugarrizko ikuskizunarekin. Gitarra-jotzailea ez zen beharrezkoa, baina oso ona zen. Abeslariak elektrizitatea transmititzen zuen; ahotsa, baina, apur bat urratuta zuen. Elvisen moldaketa borobila izan zen.

Ikusleek esana / Maider Arregi

Nire faboritoak ziren lehendik eta emanaldiaren ondoren ere. Irabazteko dena zuten: musika ona, taldekide esperientziadunak eta publikoarekin konexioa. Maila bikaina dute, Oñatiko beste taldeak bezala, lehiaketan ikusi denez.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Indar handiarekin eta publikoari ondo pasarazteko asmoarekin irten ziren, eta lortu ere, lortu zuten helburua. Oso ondo komunikatzen dute, gertukoak dira, eta lortu zuten publikoa dantzan eta guzti jartzea. Musika eta instrumentu aldetik, primerakoak; gaueko talderik onena izan ziren.

Taldekideek esana

Sailkapen fasean baino hobeto ikusi dugu gure burua, askeago. Emanaldiak iraupen egokia zuen guretako: 45 minutuan, eroso sentitzeko eta gure maila emateko modua izan dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak