Joan den urtean 4.862 odol ateratze egin zituzten Debagoienean

Gipuzkoako eta Arabako odol emaileen elkarteak pozik dira odol ateratzeek gora egin dutelako eta odol emaile berriak lortu dituztelako.

Datuak ez dira txarrak; hala esan digute Debagoienean odol emateak kudeatzen dituzten Gipuzkoako eta Arabako odol emaileen elkarteek. “Herri gehienetan gora egin du odol emaileen kopuruak, eta behera egin badu enpresetan eta unibertsitateetan odol ateratzeak ere egiten hasi garelako da”, azaldu digute.

Hasi dira dagoeneko 2005eko odol ateratzeak. Bergaran, Oñatin eta Arrasaten eman diote dagoeneko hasiera urte berriko lehen odol ateratzeei.

Bariku iluntzean Oñatiko 70 bat odol emaile bildu ziren Txantxiku ikastolan odola emateko. “Adin guztietako jendea etortzen da”, adierazi zuen harreran emaileak artatzen ari zen Pili Irazabal laguntzaile boluntarioak. “Jende gazte asko etortzen da, gero eta gehiago”.

Oñatiko egoitzan odol ateratzeek gora egin dute aurten, baina azken urteotako joera behera egitea izan da. “Lantokietan eta unibertsitatean odola ematen duenak ez du hemen ematen; baina horrek ez du esan nahi odol ateratze gutxiago dagoenik”.

Karmen Gerate Txantxiku ikastolako bigarren solairuan aurkitu genuen, odola atera berritako emaileei tortilla pintxoak eta Coca-Colak eskaintzen. “Azken urteotan odol emaile kopuruak behera egin du. Gero eta gehiago bidaiatzen dugu eta Europatik kanpo bidaiatu duen pertsona batek ezin du odola urtebetean eman. Hain zuzen ere, horregatik da hain garrantzitsua odol emaile berriak lortzea”.

Emaileak behar dira

Odola ez da sekula soberan egoten eta Gipuzkoa zein Arabako elkarteek debagoiendarrak odola ematera animatzen dituzte.

Odol emaile izateko 18 eta 65 urte bitartekoa izan behar da, 50 kilotik gorakoa eta odol ateratzea egin baino lehen sendagile batek eskatuko dituen gutxieneko osasun-baldintza batzuk bete behar dira. Hurrengo odol emateak Arrasaten eta Aretxabaletan egingo dira, urtarrilaren 19an eta 31n, hain zuzen ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.