Sharon Stoner Oñatiko taldeak irabazi du Danbaka Debagoieneko musika lehiaketako lehen edizioa. Finala bart gauean, egubakoitza, jokatu zen Elgetako Espaloia kafe antzokian. Sharon Stonerrek bigarren jo zuen; aurretik, Mutedek (Arrasate-Abadiño) eta segidan, Potemkinek (Oñati), eta ezin esan talde bat besteen gainetik argi eta garbi nabarmendu zenik, izan ere, hirurak aritu ziren oso ondo, gogo eta motibazio handiarekin, eta bukaera-bukaera arte zirrarak jarraitu zuen lehiaketan. Publikoaren iritzien arabera, bazirudien oñatiarren artean egongo zela lehia, izan ere, bi talde horiek jaso zuten publikoaren harrera beroena. Potemkinek dantzan ere jarri zituen entzuleak Elvis Presleyren abestiaren moldaketarekin, saio bukaeran.
Agertokian oñatiarrak gehiengo izan ziren, eta gauza bera gertatu zen publikoan, izan ere, oñatiar mordoa batu zen euren herrikideak animatzera. Giro ederra izan zen nagusi Espaloian. 500 lagunetik gorako jendetza batu zen lehiaketaren bukaera ikusteko eta, esan bezala, talde oñatiarrak gogokoenak izan ziren arren, Muted taldeak ere publikoaren txaloak eta babesa lortu zituen eta komentario onak entzun ziren euren emanaldiaren ondoren.
Sari banaketa
Finalistek jo eta gero, bakoitzak 45 minutuan, Deustuko Split 77 taldeak girotu zuen epaimahaiaren erabakia jakitera arteko itxaronaldia. Britainia Handiko pop ukituko doinuak jo zituzten. Bukaerarako, ordea, goizeko laurak inguru ziren eta jende asko alde eginda zegoen, baina oñatiarren jarraitzaile asko geratzen zen oraindik eta horiek pozarren hartu zuten epaimahaiaren erabakia: Sharon Stoner, txapeldun. Horien aurretik, Enboskada taldeak entzuleen saria jaso zuen.
Asteleheneko Goienkaria
Danbakako finalaren kronika eta talde bakoitzaren gaineko hainbat iritzi irakurri ahal izango dituzue urtarrilaren 17ko Asteleheneko Goienkaria-n. Hainbat entzuleren iritziak eta taldeen argazki asko ere jasoko dira astekariko orrietan.