Hogeita lau urte daramatza kartzelan Ion Agirrek, eta orain hamar urte bete zituen zigorraren hiru laurdenak. 63 urte ditu Jon Agirrek eta azken urteotan osasun arazo larriak izan ditu. Arazo horiek direla eta, gaur egun Malagako espetxeko enfermerian dago.
Hipertensio arteriala, hiperkolesterolemia eta bigarren tipoko diabetesa du, eta odol zirkulazio txarraren ondorioz, ezin da ibili. Egoera larriaren aurrean Jon Agirreren Arrasateko eta Aramaioko zenbait lagunek Ion Agirre herri ekimena eratu dute.
Santamas egunean jarri dituzte informazio mahaiak
Agirreren askatasuna lortzeko sortu da taldea, eta gaur bertan hasi dira lanean. Hain justu ere, Santamas egunean informazio mahaiak eta kartelak jarri dituzte presoaren egoeraren berri emateko. Aurkeztu duten herri ekimenaren izaera irekia da, eta aurrerantzean zenbait ekintza antolatzeko asmoa dute.
Askotariko herritarrek eman diote babesa taldeari. Arrasateko zein Aramaioko preso ohiek, bere auzokideek, senide eta lagunek, eta baita sindikatu eta hainbat taldek ere. Guztien artean, Ion etxera ekartzeko lan egingo dute. Agerraldian esan duten bezala, lehen urratsa Euskal Herrira ekartzea izango da eta ondoren etxera.