Debagoienean ospitale berria egiteko eskatu diote Arrasateko PSEk eta PPk Osakidetzari

Arrasateko Udaleko ezohiko bilkuran ospitale berria egiteko eskatu zioten PPk eta PSEk Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailari. Aldi berean, salatu zuten Arrasateko EAJren udal taldearen jarrera, "akordio ezkutua sinatu dutelako Osakidetzarekin ospitalea zaharberritzeko eta ez berria egiteko guk eskatzen dugun moduan".

Arrasateko egitamu orokorrak aurreikusten zuen Zalduspeko gunean 5.000 metro koadro lursail erostea. Abenduaren 20ko osoko bilkuran, berriz, udalbatzarrak erabaki zuen 8.000 metro koadro erostea, eta erabaki horren kontra agertu ziren oposizioko bi alderdiak.

Zalduspen hainbat enpresa daude eta baita Eskualdeko ospitalea ere. Hain justu ere, PSEk eta PPk uste dute, Arrasateko Udaleko EAJren taldearen eta Jaurlaritzako Osasun sailaren artean interes ezkutuak daudela.

Bi alderdi horiek nahi dute eskualde ospitale berri bat egitea, eta salatu dutenez, gaur hartutako erabakiarekin udalak ateak ixten dizkio aukera horri. PP eta PSEren arabera, “lursail gehiago erosi dituzte enpresa gehiago egiteko, eta ez ospitale berri bat egiteko".

Osakidetzak oraindik ez du erabakirik hartu

Arrasateko alkateak adierazi digunez, Osakidetzak ez du oraindik erabakirik hartu ospitalearen etorkizunaren inguruan. Aipatu duenez, Lagun Aroko bazkideak gizarte segurantzara pasatuko direnez, Jaurlaritzaren erabakia atzeratu egin da. Dena dela Ignacio Lakunzak uste du, "lursail gehiago erosteagatik ez diotela inolako trabarik egiten ospitalearen gainean hartu behar den azken erabakiari".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.