Danbaka: bosgarren kontzertuaren gaineko kritikak eta argazkiak

Goiena 2004ko abe. 20a, 17:30
Danbakako saio borobilena izan zen joan den egubakoitzekoa Elgetako kafe antzokian. Stukas, Turboamor, Sharon Stoner eta Ozen izan ziren taula gainean. Talde guztiek ausart eta original jardun zuten. Hemen bildu ditugu lehen faseko azken kontzertuaren gaineko kritikak eta argazkiak.

Stukas (Bergara)

Stukas (Bergara)

Adituak esana / Asier Elortza, musikaria

Hiru musika jolek osatutako taldea izateko, oso talde konpaktua iruditu zait, ondo moldatzen ziren elkarrekin. Eszenaratzea ere gustatu zait. Estiloa ez da nire gustukoena, baina talde hau ona iruditu zait. Birtuosismo larriegirik gabe, ondo jardun dute.

Ikusleek esana / Arkaitz Biain

Lehenengo aldiz entzun ditut gaur. Indartsuak iruditu zaizkit eta gustura entzun ditut. Hala ere, gurago izango nukeen zerbait, gutxienez, euskaraz abestu izan balute. Estilo horretako taldeendako, badirudi euskaraz abestea arrotz egiten zaiela.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Talde ona dira eta kontzertu polita eskaini zuten. Ona izan zen, batez ere, ikuskizun aldetik. Bereziki ondo jardun zuen abeslariak, karisma eta indar handiarekin. Jendearekin konexioa bilatu zuten, eta erantzun hobea merezi izan zuten.

Taldekideek esana

Ondo ibili garela uste dugu, gure betiko ildotik; betiko errepertorioa prestatu dugu gaurko. Batez ere, azken astean entseatu dugu gehien. Urduritasuna ere igarri da; batez ere gitarra joleak igarri du. Publikoa hotz samar sumatu dugu. Akaso kamerak zebiltzalako izango zen.

Turboamor (Arrasate)

Adituak esana / Asier Elortza, musikaria

Oso-oso eskasak iruditu zaizkit. Esperientzia falta sumatzen zaie. Ez dute menderatzen ez musika, ezta instrumentuak ere. Jorratzen duten musika estiloa ere ez dut bereziki gustuko, eta beharbada horregatik ere ez zait emanaldia askorik gustatu.

Ikusleek esana / Arkaitz Biain

Estilo originala dute, Debagoienean ez dut horrelakorik sarri entzun. Izan ere, talde hau, Stukas bezala, lehenengo aldiz entzun dut gaur. Niretako, gau honetako ustekabea izan dira, eta ustekabe atsegina, gainera.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Ez zuten gau ona izan, esperientzia falta dutelako eta oso urduri zeudelako. Alderdi batzuk hobetu behar dituzte –melodiak…–, baina euren estiloa interesgarria da, ezohikoa eta misteriotsua.

Taldekideek esana

Bigarren emanaldia izan dugu, eta lehena lagunartean egin genuen, hortaz, nahiko beldurtuta gentozen, eta urduri geunden. Urduritasuna batez ere hasieran sumatu dugu; gero pixka bat lasaitu gara. Akats batzuk ere egin ditugu, baina tira… Publikoak ere animatu gaitu, lagun asko etorri dira…

Sharon Stoner (Oñati)

Adituak esana / Asier Elortza, musikaria

Musika estilo gogorra egiten duen taldea izan da, eta indartsu aritu dira eszenatokian. Ondo ibili dira, eskarmentua dute, eta presentzia handia oholtza gainean. Horrez gain, egiten duten musika benetan bizi egiten dutela igartzen zaie. Elkar-ulertze ona dute.

Ikusleek esana / Arkaitz Biain

Asko gustatu zait euren emanaldia. Lehendik ere ondo ezagutzen dut talde hau, askotan ikusi dut, eta gaur, ohi bezala, indartsu ibili dira; are gehiago, nik inoiz baino gusturago entzun ditut. Bakoitza bere musika tresnarekin oso ona da.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Erakusten dute, ondo koordinatuz gero, hiru lagun nahikoa direla ikuskizun ederra eskaintzeko. Denak aritu ziren oso ondo, bateria jolea bereziki. Entzule berriarendako, euren stoner estiloa zaila, gogorregia, izan daiteke hasieran. Baina oso konbentzituta jarduten dute, eta horregatik, errespetua pizten dute.

Taldekideek esana

Gustura geratu gara gure buruarekin. Publikoak ere oso ondo erantzun digu eta pozik gaude. Bestalde, antzoki honetan jotzea luxu bat izan da guretako; leku bikaina da.

Ozen (Arrasate)

Adituak esana / Asier Elortza, musikaria

Niretako, gaueko talde onena, batez ere teknikoki. Musika tresnak bikain erabiltzen eta jotzen dituzte. Originalak iruditu zaizkit, gainera: rock gogorra eta erritmo biziak egiten dituzte, baina heavy ukituarekin, heavy estiloa izan barik. Gauean jo duten taldeetatik teknika onena dute.

Ikusleek esana / Arkaitz Biain

Zuzeneko indartsua dute, izan ere, doinu gogorrak eta suabeagoak ondo uztartzen dituzte. Ez da nire estilo gogokoena, baina, estilo horretan, talde hau oso ona da, batez ere arlo instrumentalean.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Rock atsegina, gustagarria, egiten dute; doinu gogorrak dira, baina ez latzak, eta ondo entzuten dira. Gitarra eta baxuaren arteko jokoa bereziki ona izan da, eta abeslariak ere ondo jardun du.

Taldekideek esana

Ordu erdi izan dugu, eta tarte horretan ahal duzuna eman behar duzu; ahalik eta ondoen egiten saiatu gara. Hasieran egonezin apur bat genuen, baina ondo joan da. Antzokiarekin ere gustura gaude, leku dotorea da talde batendako, eta ikus-entzuleek ere ondo hartu gaituzte. Antolakuntza ere oso ona iruditu zaigu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak