Publikoak bete egin zuen Espaloia kafe antzokia Danbakako azken sailkapen emanaldia ikusteko. 450 bat lagun batu ziren, eta hasieran, ohi bezala, urruti geratu baziren ere, gutxina-gutxina agertokira gerturatzen joan ziren, musikaren berora, eta taldeekin konplizitatea hobetu egin zen. Publiko aldetik behintzat, emanaldi beroena izan zen.
Bart jo zuten talde guztiek Stukas (Bergara), Turboamor (Arrasate), Sharon Stoner (Oñati) eta Ozen (Arrasate) erakutsi zuten originaltasun handia eta ideia berriak. Izan ere, bakoitzak bere estiloa zuen, baina estilo horren mugen barne geratu barik, beste estilo batzuen eraginak ondo hartzen dituztela erakutsi zuten. Rock ukituko popa, heavya gogorarazten zuen rock gogorra, gurean ezohikoa den stoner estiloa denetarik entzun zen.
Alderdi teknikoa ere inoiz baino hobea izan zen. Soinu eta argi baldintzak talde bakoitzari ondo egokitu zitzaien, ahalik eta giro aproposena lortzeko.
Finalisten izenak, 'Asteleheneko Goienkaria'-n
Sailkapen fasea horrenbestez bukatu zen, eta epaimahaiaren erabakia, beste inon baino lehenago, Asteleheneko Goienkaria-n jakin ahal izango duzue, abenduaren 20an. Finalisten izenak, zergatik aukeratu dituzten, eta lehiaketaren gaineko balorazioa jasoko du aldizkariak. Horrez gain, epaimahaikide bakoitzak lehiaketaren alderdi batez berba egingo du.
Eta, ohi bezala, joan den egubakoitzeko emanaldiaren kronika eta lau taldeen gaineko hainbat iritzi eta argazki ere jasoko ditu Asteleheneko Goienkaria-k; baita SMS bidezko botoen orain arteko emaitzak ere.