Liburuxkak 52 orri izango ditu, eskuetan erabiltzeko moduan. Gabonetako 30 kanta jasoko ditu, horietako batzuk ilustrazio eta guzti. Marrazkiak Mikel Arroiabe aretxabaletarrak, Goienkaria-ko ohiko kolaboratzaile denak, egin ditu. 5.000 ale argitaratuko dira eta abenduaren 20ko Asteleheneko Goienkaria-rekin batera banatuko dira.
Hiru eurotan ere salgai
Harpidedun direnek bakarrik jasoko dute liburuxka, harpidedun bakoitzeko bat. Edozelan ere, norbaitek gehiago nahi badu, Goienaren egoitzaren batera hurbildu besterik ez du izango abenduaren 20an, 21ean, 22an edo 23an, bulego orduetan. Hiru eurotan salduko dira liburuxkak.
Datorren astean urtebete
Asteleheneko Goienkaria-k urtebete egingo du datorren astean. Hain justu ere, iazko Santamas egunean, abenduaren 22an, argitaratu zen Asteleheneko Goienkaria-ren zero zenbakia. Aurkezpen zenbaki haren ostean, aurtengo otsailaren 19an ekin zion berriro ere Asteleheneko Goienkaria-k astelehenero.
Harpidedunak: 4.300
Gaur egun 4.300 harpidedun ditu Asteleheneko Goienkaria-k. Oraingo astelehenean banatuko den Goienkaria-rekin batera, Gabon kanten liburuxkaz gain, gutun bat jasoko dute harpidedunek datorren urteko harpidetza kuotaren berri emateko. Datorren urtean 35 eurokoa izango da harpidetza kuota. Urtean 44 zenbaki argitaratuko dira, aurten baino bost gehiago, eta urteko lehenengoa urtarrilaren 10ean argitaratuko da.
Debagoieneko euskara elkarteren bateko bazkideei Goienak hiru euroko deskontua egingo die harpidetza kuotan.